Zaintza, udalaren jardunean
Zaintza, udalaren jardunean
Usurbil herri zaintzailea izatea nahi dugu. Hau da, zaintzaren erronkari dimentsio guztietatik heldu nahi diogu: horixe da Usurbilentzako dugun proiektu politikoa eta abian jarri dugun udal-jarduna.
Horrek herri ikuspegia izatea eskatzen digu, eta genero ikuspegia zeharkakotasun erradikal bihurtzea, hau da, zaintza udal politika guztietan txertatzea, herria egituratzeko eta kohesionatzeko elementu bilakatuz.
Udaleko eremu guztietan ari gara norabide horretan lanean, besteak beste:
- Pertsona ardatz duen arreta eredua jarri dugu martxan, eta zaintza ekosistema oso bat antolatu dugu horren bueltan.
- Zaintzari lotutako lizitazio publikoak eredu berriaren arabera ari gara egokitzen, zaintza lanetan ari diren langileen lan baldintzak duindu eta zaintza behar duten pertsonen ongizate komunitarioa bermatzeko.
- Usurbilgo Plan orokorrean zaintzari eta eguneroko bizitzari erantzungo dion herri antolamendua eta hirigintza feminista txertatu dugu.
- Mugikortasun aktibo eta jasangarria sustatzen ari gara, trantsizio ekosozialagatik ez ezik, baita zaintzaren ikuspegitik ere, besteak beste, oinezkoak lehenesten dituzten kaleak bultzatzen, harremanak sustatzen eta zaintza behar duten pertsonen eta adinekoen autonomia eta segurtasuna sustatzen.
- Espazio eta eraikin publiko irisgarriak bihurtu nahi ditugu, irisgarritasun unibertsalaren printzipioarekin bat eginda.
- Elkar zaintzeko eta belaunaldiartekotasun kolektiboa sustatzea ahalbidetzen duten ekipamenduak eraikitzea eta proiektuak sustatzea.
- Etxebizitza politika: kolektibo ezberdinen etxebizitza beharrei erantzutea, zaintza premiak ere kontuan hartuta.
- Festa eta kultur programazio inklusiboagoak landuz.
- Hezkidetza programetan zaintza balio eta erantzunkidetasun gisa sustatuz, batez ere, mutikoetan.
- Tokiko merkataritzaren aldeko apustua eginez, merkataritza zaintzailea indartuz.
- Harrera herri izateko bokazioz, gure herrira bizitzera datozen lagunen integrazio komunitarioan lagunduz.
- Enplegu duinak eta profesionalizazioa sustatuz.
- Euskaraz zaindua izateko eskubidea bermatzeko langileen euskalduntzea bultzatuz.
- Lurraldearen zaintza barnebilduz.
- Komunitatearen izaera indartzea, elkar-zaintza balio unibertsal bihurtuz.
Zaintza zirimiria da, eremu guztiak blaitzen ditu, eta gizartearen eraldaketarako palanka da. Administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzu eta baliabideez harago doa, baita senideen laguntzaz edo bestelako zerbitzuez harago ere.
Proiektu konpartitua bada soilik izango gara gai zaintza behar duten herrikideei bizitza duin eta bizigarriak bermatzeko.