Usurbilgo zaintza ekosistema
Usurbilgo zaintza ekosistema
Bizi planak osatu ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona baten zaintzan zeresana duten pertsona eta eragile guztiak saretzea, hots, tokiko ekosistema baten bueltan lanean aritzea, erdigunean zaintza behar duten pertsonak kokatuz.
Horrek herrian lanean ari diren zaintza zerbitzu eta eragile ezberdinen koordinazioa eta lanen sistematizazioa bermatzea eskatzen du, antolaketa eta egitura berri bat sortuz.
Horretan aritu gara, eta ondorioz, ikuspegi ekosistemikoa aintzat hartuta aritzen diren hainbat lantalde sortu dira:
- Zuzeneko arretan ari diren langileen koordinaziorako mahaia (Egurtzegi, Eguneko Arreta, Eguneko Zentroa, etxez etxeko zerbitzua, esperientzia eskola, oroimen tailerra...).
- Koordinazio soziosanitariorako taldea, gizarte langileek eta herriko mediku eta erizainek osatua.
- Zaintza komunitarioaren lantaldea.
- Zaintza behar duten pertsonen taldea.
- Zaintzaile profesionalen lantaldea.
- Zaintzaile afektiboen lantaldea.
Talde horiek guztiek lotuta daude euren artean, eta denen arteko koordinazioaz arduratzen da erreferentziazko gizarte langilea.
Era berean, beharrezkoa da zaintza zerbitzuek ekosistemaren arabera lan egitea: udalak eskaintzen dituen zaintza zerbitzuen lizitazio berriak ekosistemaren edukietara eta lan egiteko moduetara egokitu ditu. Orain arte enpresen borondateak eta atxikimenduak egin du posible, eta aurrerantzean, betebehar gisa eskatuko zaie.
Garrantzitsua da, halaber, etxeko arretan eragitea: prestazio ekonomiko bidez etxeko arretan lanean ari diren langileak ekosistemaren antolaketa berrira ekarri eta ekosistemaren parte bihurtu nahi ditugu.