Bizi Planak
Bizi Planak
Noizbait pentsatu duzu, nolakoa behar duen izan, zuk erabaki ez duzun bizitza bat bizitzea? Zure bizitzaren norabidea beste norbaitek marraztea? Zure herritik kanpo bizi behar izatea edo bertan izanda ere isolatuta egotea?
Egoera horiek ohikoak izaten dira zaintzak modu iraunkorrean behar dituztenentzat.
Egun, EAEko Gizarte Zerbitzuen zorroak zehazten ditu administrazio bakoitzaren eskumenak eta zereginak, eta menpekotasun balorazioen araberako prestazioak eta zerbitzuak eskaintzen dira: iraupen luzeko zaintzak behar dituzten pertsonak garbi, ondo elikatuta edo egoki atonduta egotea lehenesten da, bestelako beharrak alde batera utzita eta guztiei erantzun berbera eskainiz.
Gure ustez, ikuspegi horrek ez du pertsonen ongizatea erabat bermatzen, eta, beraz, beharrezkoa iruditzen zaigu pertsona ardatz duen arreta eredua garatzea.
Norberarentzat bizigarria eta duina den bizitza definitu eta garatzen laguntzen digun tresna da Bizi Plana, eta jauzia ematera goaz: zerbitzuak eskaintzetik bizi planak osatzera pasatuko gara.
Bizi Plana norberaren bizitzaren inguruko erabakiak hartzea errazten duen tresna da. Dokumentu dinamikoa da, zeinean pertsonak berarentzat garrantzitsua dena islatzen duen: pertsonak nahi duen bezala bizitzen jarraitzeko ekintzak eta baliabideak zehazten dira, bere balio, lehentasun eta premien arabera tratatua eta artatua izan dadin.
Gure helburua da iraupen luzeko zaintza-prozesuetan jarraikortasuna bermatzea, norbere bizitzari zentzua ematen jarraitzea, bizi-proiektuan hausturarik eragin gabe eta bizitza duina eta bizigarria ahalbidetzea. Gai izan nahi dugu bakoitzaren lehentasunei, nahiei eta erabakiei erantzungo dien arretak eskaintzeko, era koordinatuan, zerbitzuen integraltasunetik eta komunitateak eskaintzen dituen aukerak profitatuz. Hots, eta labur esanda, pertsona bakoitzari egokitutako eta modu parte-hartzailean osatutako bizi planak osatzea, zerbitzuen logika zurrunetik aldenduz, zaintza behar duen pertsonari erabakimena emanda.
Planak pertsona bere osotasunean ikusten du, eta bere bizitzako hainbat alor hartzen ditu kontuan. Alor horietako asko beste pertsonekin harremanetan eta herriko testuinguruan eman daitezke. Beraz, herritar oro eta herria bera ere, neurri batean, pertsona horren zaintzaren arduradun izan daitezke.
Inguruak eskaintzen dionaren arabera, zaintza behar handia duen pertsona batek gauza gehiago edo gutxiago egin ahal izango ditu, era autonomoago edo mendekoago batean, edo komunitatearen parte edo kanpo sentituko da.