Usurbilgo zaintza eredua
Usurbilgo zaintza eredua
Herri oso bat elkar-zaintzera hurbilduz
XXI. mendeko gizarte honek duen erronka nagusietako bat da zaintzarena, izan ere, errealitate soziodemografiko berri baten aurrean gaudela erakusten du hamarkada honen amaierarako proiektatutako demografia piramideak. Gero eta zaharragoa da gizartea, eta, ondorioz, iraupen luzeko zaintzak luzatzen ari dira, mendekotasun indizeak goraka doaz, familia egiturak aldatzen, eta gero eta gehiago dira bakardade egoeran —batez ere, bakardade ez hautatuan— bizi diren herritarrak, eta abar.
Testuinguru honetan, hortaz, zaintza eskariaren handitze nabarmena ematen ari da, eta egun zaintza lanak antolatzeko dugun moduak ez ditu gizartearen beharrak asetzen.
Gizateriaren une erabakigarri honen aurrean, beraz, premiazkoa da erronka honi erantzuna emateko herri estrategiak diseinatzea, eta Usurbilen horretan ari gara urte luzeotan.
Indibidualismoak eta gizarte fragmentazioak erasandako gizarte molde hauskor honetan, gisa honetako erronka bati erantzuteko ezinbestekoa da komunitatearen izaera sendotzea, izan ere, gure indartze komunitarioa izango da gure ongizatearen berme nagusia. Zaintzak ez dira soilik gure bizitzako etapa zehatz batean, hasieran edo amaieran, behar dugun zerbait. Gizakiok pertsona interdependenteak gara, eta denok behar dugu gure bizitza osoan zehar zainduak izan. Gure zaurgarritasunei aurre egiteko era bakarra elkar zainduz da. Zaintzak ongizatea eskaintzen digu.
Alabaina, ezin ditugu zaintzak erromantizatu, egun eremu honetan zapalkuntza eta diskriminazio ugari gertatzen direlako. Gure bizitzen sostengu nagusia bada ere, zaintzak ez du gaur-gaurkoz ez prestigiorik ez balio sozial, politiko eta ekonomikorik. Gatazka eremu da, eta askotariko ondorioak elkar gurutzatzen dira: lan prekarioa eta arrazializatua, lan merkatuko segmentazioa, pobreziaren feminizazioa, jardun bikoitzak, denbora pobrezia, bizi proiektuen alboratzea, bazterketa soziala edota indarkeria matxista.
Guztiok dugu zainduak izateko eskubidea, ez, ordea, beste pertsona baten eskubideen kaltetan: hori da gure printzipio gidaria. Beste modu batean esanda: eskubide guztiak eta betebehar berdinak herritar guztientzat.
Dokumentuak
- Usurbilgo zaintza ereduaren eskuorria
- Usurbil, herri zaintzailea dokumentala
- 2025-03-29. Usurbil, herri zaintzailea ekitaldia
Zaintza, udalaren jardunean Bizi Planak Usurbilgo zaintza ekosistema Formakuntza / akonpainamendu proposamena Partaidetza prozesua eta eredu berrirako trantsizioa 2021-2024
Zaintza ekosistema berria eraikitzeko proiektu honek Europako funtsen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzak jaso ditu.



