Gaur egungo etxebizitzen ereduak eta beren prezioek ez diete erantzuten jendartearen beharrei, eta horren aurrean beharrezkoa da eredu berriak diseinatu eta inplementatzea, besteak beste, izaera publiko-komunitarioa izango duten etxebizitzak sustatuz.
Gazteak eta adin nagusiko pertsonak bereziki baztertuta geratzen dira gaur egun indarrean dagoen eskaintzatik. Lehenengoak euren diru-sarrerengatik nagusiki, bigarrenak zenbait faktorerengatik (irisgarritasuna, herrigunetik urrun bizitzea, bakardadea, beharrak aldatu direlako...). Horregatik pentsatu dugu, bi kolektibo hauek elkarren eskutik joan daitezkeela, kemena eta esperientzia bateratuz, txirikorda bat sortzen.
Horrenbestez, proiektu berritzailea abiatzen dugu, gure inguruan estreinakoz, non eta gure herrian. Txirikordak bi helburu nagusiri erantzun nahi die:
- Gazteentzako emantzipazio beharra.
- Adineko pertsonentzako etxebizitza eta bizikidetza eredu berrien beharra.
Norentzat?
Gazteentzat eta adineko pertsona autonomoentzat. Emantzipazio fasean dauden gazteei zuzenduta eta dependentziarik ez duten adin nagusiko edonori.
Non?
Ugartondoko eremuan, Ugarte baserriaren alboan.
Zenbat?
16 etxebizitza inguru eraikitzeko aukera.
Jabegoa?
Usurbilgo udala.
Izaera?
Norberaren beharrak asetzeko etxebizitza pribatuak eta espazio komunitarioak izango ditu, behar kolektiboak eta belaunaldiarteko elkarbizitza bultzatzeko.
Sartzeko baldintzak?
Prozesuan parte hartzen dutenen artean erabakiko ditugu sartzeko ezarri nahi ditugun baldintzak.
Nolakoa izango da eraikina?
Eraikin berria izango da eta diseinua, bertan egongo diren etxebizitza tipologia ezberdinak barne, guztion artean erabakiko dugu (zabalera, gelak, espazio komunak, horniketa, eta abar).
Funtzionamendua?
Guztion artean adostuko ditugu bertan bizi direnen eta erabiltzaileen betebeharrak eta eskubideak, bai eta zertarako erabiliko diren espazio komunak.
Galdera asko ditugu eta erantzun gutxi, beraz ezinbestekoa da hasiera hasieratik herritarrak erabakietan inplikatzea eta horretarako, Txirikordak izan ditzaken atal desberdinak modu parte hartzailean definitzera gonbidatzen zaitugu.