Elkargunea

Usurbilgo herri-dinamika hauspotu eta egungo hutsuneei aurre egiteko bokazioa izango duen Elkargunea deituriko ekipamendu komunitarioaren definizio partekatua osatzeko prozesuari ekin dio Usurbilgo Udalak, Aztarrika gazte-asanblada, Gaztelekua, Kulturgunea eta Ziortza gazte elkartearekin batera, 2024ko otsailean. Begirada eta asmo komunitarioa izango duen ekipamenduaren definizio partekatu horretara iristeko usurbildar guztiei irekitako partaidetza-prozesu bat jarri dugu abian, non, Elhuyar izango dugun bidelagun. Partaidetza-prozesuaren bidez hurrengo helburuak ditugu, besteak beste: Elkargunea proiektuaren helburu eta balioak definitzea; kudeaketa-eredua erabaki eta barne-antolaketa proposatzea; barne- nahiz kanpo-espazioak irudikatzea; eta eraikina eraiki bitarteko lan-dinamika zehaztea.

Partaidetza prozesuak Aztarrika gazte mugimenduak herriko gazteen egoera ikertzeko egindako lan bat du jatorrian, herriko beste gazte eragile batzuekin elkarlanean egina: Usurbildarron gazte ahotsa: pandemiaren ondorioak gazteongan. Ondorioztatu zen herriko sortzaileen jardunerako, kultur emanaldiak programatzeko eta gazteen arteko harremanak sustatzeko gune berri bat behar zela herrian. Urte hartan, gai hori lantzea izan zen Gazte Egunaren helburu nagusia. Kulturgunea, Ziortza eta Gaztelekua eta laurak izan dira Elkargunea definitzeko partaidetza prozesuaren bultzatzaile nagusiak, udalaren eta norbanakoekin batera.

Guztira, bost saio ireki eta talde motorraren hileroko jarraipen bilerak egin dituzte, baita beste zenbait herritako esperientziak ezagutzeko irteerak antolatu ere: Oñatira eta Errenteriara, besteak beste. Nerabe eta gazteen ekarpenak jasotzeko lanketa propioak ere egin dituzte.

Xedea eta helburuak

Bost helburu finkatu dizkiote Arrobitxulori: sen komunitarioarekin aritzea; elkarlanean jardutea; euskal kulturgintza hauspotu eta transmisioa bermatzea; askotariko jardun eta eskaintza bermatzea; gazteen beharrak asetzea eta herritar aktibo bihurtzea.

Balioak

Hamaika balore sustatzea adostu dute: burujabetza, ekologia, feminismoa, euskaltzaletasuna, elkarlana, parte-hartzea, inklusioa, segurua, komunitatea eta sormena.

Espazioak eta erabilera

Eraikin barruan, hiru espazio nagusi izango dira: bakoitzak bere funtzio propioak izango baditu ere, bestelako erabilerak emateko moduan irudikatu dituzte. Batetik, areto nagusia, gazte mugimenduaren jardunerako erreferentziazko gunea izango da, kontzertuak, asanbladak eta, oro har, jarduera jendetsuak egiteko balioko du. Oholtza, soinu-ekipoa, komunak eta sukaldea izango ditu. Bestetik, aisialdi gunea Gaztelekuko eta Ziortzako gazte eta nerabeentzat erabilera libreko espazioa izango da. Sormen guneak, berriz, soinu gunea, gune digitala, ispilu gela eta gune narrasa izatea nahi dute.

Eraikinak, gainera, kanpoko aldearekin harremana izatea da asmoa, proiektuaren zein herritarren aisialdi jardueretarako balioko duena.

Barne antolaketa

Bi lan-gune nagusi izango ditu Arrobitxulok: talde motorra, erabakigune iraunkorra izango dena, egunerokotasunari erantzuteko, eta batzar orokorra, erabaki estrategikoak hartu, Arrobitxuloren norabidea markatu eta ikuspegi orokorra bermatzeko. Lehenak izango du biltze-maiztasun handiena, eta bigarrena urtean hiruzpalau aldiz bilduko litzateke.

Udalarekin koordinatzeko beste foro bat ere aurreikusi da, batzorde instituzionala deitu dutena.

Erabiltzaileen profilak

Lau profil finkatu dituzte: kideak, aktiboak diren eragileak, modu puntualean parte hartuko duten eragileak eta herritarrak. Modu horretara, inplikazio maila desberdinetan parte hartzeko aukera emango da. Guztien artean, funtzionamendurako barne-araudia sortzekoak dira.

Kudeaketa

Udala proiektuaren sustatzaile eta eraikinaren jabe den aldetik, kudeaketa partekatua izango da, eta eredu propio bat sortzeko asmoa adierazi dute. Oinarriak adostu dituzte: lanerako, auto-kudeaketaren filosofia hartzea; Gaztelekuaren kudeaketa esleipen publiko bidez egiten jarraitzea; hitzarmen edo dirulaguntza zuzen bat adostea; udalak proiektuari herri-ikuskera emateko funtsezko papera izatea.

Elkargunerako izenaren proposamenak jasotzeko hainbat bide landu dituzte. Guztira, 42 proposamen jaso dira, eta Arrobitxulo aukeratu dute, guztien artean, toponimiarekin duen harremana eta sinbolismoagatik. Elkargunea eraikiko den zelaiaren alde bateko kaleak Arrobitxulo izena du: garai batean harrobia zegoen han, baita zuloa ere, eta ikasleak eskolarako arbelaren bila joaten ziren bertara.

Harrobi zein zulo kontzeptuen sinbolismoa ere nabarmendu dute. Batetik, gaztetasunaren, sorkuntzaren euskal kulturaren transmisioaren eta belaunaldi arteko harremanen harrobia izan dadin nahi dute. Bestetik, zuloa Arrobitxuloko kontzertuen aretoarekin lotu dute.

Malen Aierbe Zubeldia diseinatzaile usurbildarrak osatu du Arrobitxuloren marka irudia. Proiektuaren edukiez gain, izena bera hartu du marka irudia sortzeko oinarri gisa, "bere esanahi eta garrantziagatik". Aierbek Arrobitxulo letra-tipoa sortu du, alfabeto osoko letrekin eta hizkiekin. "Sendotasuna eta nortasuna" adierazten dituzte letrek, eta guztiak hiruki batek (gutxienez) zulatzen ditu; hirukiak play ikurra eta fokuen argiztapena irudikatzen ditu, proiektuaren musikalitatea eta dinamismoa islatuz. Hori guztia, gainera, kolore bizi-biziekin jantzi du.

B letran, bi hiruki daude elkarri begira, elkarlana adierazteko helburuarekin, eta horixe da markaren isotipoa ere: logoa osorik jarri gabe, marka identifikatzeko elementua izango da.

Udalak potentzialitate handia ikusten dio proiektuari, herriaren eta herritarren hainbat beharri erantzuteko balioko duela uste baitu. Udal-gobernuak ere hasieratik egin du Elkargunearen aldeko apustua, eta Legealdiko Planean jaso zuen.

Elkargunea definitzeko prozesua bultzatu zuten iaz, eta Udarregi pareko zelaian eraikitzea adostu zen. Espazioaren tamainaren aldetik, eta baita arauen aldetik ere, leku egokiena hori dela ondorioztatu dute: egun indarrean diren Arau Subsidiarioek zein behin-behineko onarpena eman zaion Plan Orokorrak udal ekipamendu bat egitea aurreikusten du hor. Udalaren irizpidea erabiltzen ez diren eraikinak berritzea da, baina, kasu honetan, ez dago irudikatutako espazio berri horren ezaugarriak betetzen dituen areto edo eraikinik.

Udalak, gainera, 2,5 milioi euroko mailegu bat eskatu du Arrobitxulo eraikitzeko. Aurre-proiektua esku artean, exekuzio proiektua idazteko lizitazioa aterako du aurten: irabazleak sei hilabete izango ditu exekuzio obra idazteko, eta ondoren, obra bera esleitu behar da: ondo bidean, 2026 hasieran izan daiteke hori.

Partaidetza prozesuko dokumentazioa

Lehenengo saioaren akta

2024/02/03

  Deskargatu (PDF)

Bigarren saioaren akta

2024/03/16

  Deskargatu (PDF)

Hirugarren saioaren akta

2024/04/20

  Deskargatu (PDF)

Laugarren saioaren akta

2024/05/18

  Deskargatu (PDF)

Bosgarren saioaren akta

2024/06/18

  Deskargatu (PDF)

Dokumentazio osagarria

Proiektuaren aurkezpen dokumentua

2023ko apirila

  Deskargatu (PDF)

Eredu inspiragarriak

2024ko martxoa

  Deskargatu (PDF)