Bizi osorako etxebizitzak

Bizi osorako etxebizitzak Egurtzegin daude: han daude zaintzadun etxebizitzak eta Eguneko Zentroa ere. Halako sei etxebizitza daude, eta Matiarenak dira, jabetzan: udalak eta Matiak alokairu kontratua sinatu dute, seitik lau usurbildarrei eskaini ahal izateko. Udalak, era berean, alokairuan eskaintzen dizkie herritarrei, erabilera, esleipena eta baremazioa arautzen dituen ordenantza oinarri hartuta.

Zer da?

Zaintza baliabide berritzailea da: udalak zaintza ekosistemaren barruan eskaintzen duen beste baliabide publiko bat izango da, egungo eskaintza osatzen duena.

Norentzat da?

Laguntza edo zaintza beharra daukan pertsonari eta bere zaintzaileari (izan afektiboa edo profesionala) zuzenduta daude, elkarrekin bizitzen jarraitu eta euren bizi proiektuarekin jarraitzeko aukera izan dezaten.

Zehazki, onuradun izan daitezkeen hiru kolektibo definitu dira ordenantzan: I, II edo III graduko mendekotasuna aitortua izan eta gutxienez 60 urte dituztenentzat; I, II edo III graduko mendekotasuna aitortua izan, 18-59 urte bitartean, eta %65eko desgaitasuna aitortua dutenentzat; %75eko desgaitasuna aitortua izan eta 18-59 urte artean dituztenentzat. Edonola ere, egoera berezien aurrean, gizarte langileek baloratuko dute onuradun izateko aukera, txosten bat eginez.

Zer laguntza izango dituzte bertan bizi direnek?

Bertan biziko direnek erreferentziazko profesional bat izango dute Usurbilgo Udalean. Komunitatearen babesa jasoko dute, eta babes hori Egurtzegin eskaintzen diren zerbitzu eta babesguneek osatuko dute: hau da, erreferentziazko profesional baten laguntza izango dute, udaleko erreferentearekin lotura egingo duena.

Nola esleitzen dira bizi osorako etxebizitzak?

Esleipena udaleko Gizarte Zerbitzuek egingo dute, baremazio eta elkarrizketetatik eratorritako txosten bat eginez, ondoko irizpideak aintzat hartuz: etxebizitza, egoera pertsonala, parte-hartze komunitarioa, mendekotasuna, egoera ekonomikoa, herrian errotzea. Kontratuak bost urterako sinatuko dira.

Etxebizitza zaintza behar duen pertsonari esleituko zaio. Bizikidetza unitateak, gehienez, hiru pertsonaz osatuta egongo dira; edonola ere, egoera bereziren bat balego, berariaz aztertuko da. 

Zenbatekoa izango da alokairua?

Esleipendun bakoitzak ordaindu beharreko errentak, gastu orokorrak barne, ez du bizikidetza unitatearen diru sarreren %30 gaindituko, eta gehienezko prezioa alokairuaren erreferentzia-indizeak finkatutakoa izango da. Errentaz gain, zaintza zerbitzu osagarriengatik kuota bat ordainduko dute maizterrek, errentaren proportzio berean finkatuko dena; gehieneko errenta ordainduz gero, kuotaren zenbatekoa 100 eurokoa izango da, gehienez. Adinez nagusiek kontratuan titulartasun partekatua izango dute, eta denen diru sarrerak hartuko dira kontuan errenta kalkulatzeko (langile profesionalen kasuan izan ezik).

Nolako etxebizitzak dira?

Etxebizitzek diseinu berezia dute, bertan bizi direnen ongizatea eta autonomia sustatzeko pentsatuta; erabat irisgarriak dira, pertsonen mugikortasun libre eta erosoa ahalbidetzeko. Guztiz hornitutako sukalde bat, egongela eta terraza dute guztiek. Etxebizitzak hutsik daude, nork bere altzariak eraman eta espazio horiek bere etxe bihurtu ahal izateko. Bina logela dituzte, guztiz hornituta eta barruan egokitutako komun banarekin: logela nagusia zaintza behar duen pertsonarentzat pentsatua dago, eta bigarrena, zaintzailearentzat. Lau etxebizitzek espazio komun bat ere badute, bizilagunen erabilerarako gune irekia, euren arteko hartu-emanak sustatu eta komunitate lotura berriak sortu ahal izateko.

Dokumentuak

Erabilera, baremazio eta esleipen prozeduraren erregelamendua

  Deskargatu (PDF fitxategia, 374 KB)

Esleipen dekretua

2026-06-09ko 2026/909 dekretua

  Deskargatu (PDF fitxategia, 492 KB)