Udalak euskara ikastaroen eskaintza handituko du
2023·09·15
Ikasturte berria abiatuta, udalak doako euskara ikastaroen eskaintza handituko du. Hiru ikastaro izango dira: azken bi urteetan abiatutako oinarrizko euskara klaseak erretiratuentzat eta etorri berrientzat, eta lehenengo aldiz prestatutako haur eta nerabeentzako errefortzu klaseak. Urrian abiatuko dituzte, eta, horren aurretik, izen-ematea iragarri dute: irailaren 18tik 29ra izango da.
Erretiratuentzako ikastaroa
Ostegunetan ariko dira, 18:15-19:45 bitartean, Artzabalen. Oinarrizko hiztegia, esamoldeak, arauak... eta, oro har, egunerokotasunerako makuluak ikasiko dituzte.
Urriaren 19an hasiko dira.
Izena emateko:
Aurrez aurre: Artzabalen (10:00 – 12:00)
Telefonoz: 943 37 19 99
Postaz: euskara@usurbil.eus
Etorri berrientzako ikastaroa
Astearteetan ariko dira, 18:15 - 19:45 bitartean, Potxoenean. Hastapen saioak dira, hizkuntza ezagutarazi, oinarria lantzen hasi eta euskalduntzeko lehen urratsak ematen laguntzeko.
Urriaren 17an hasiko dira.
Ikastaroak ateak zabalik izango ditu, herrikide berriei iritsi ahala bertan parte hartzeko aukera ematea baita helburua.
Izena emateko:
Aurrez aurre: Potxoenean (08:30 – 14:00)
Telefonoz: 943 37 19 99
Postaz: euskara@usurbil.eus
Haur eta nerabeentzako ikastaroa
Haur eta nerabeei euren euskara maila hobetzen laguntzeko ikastaroa, eskola orduz kanpoko gainerako aukeren osagarri. Udalak Udarregi ikastola eta Zubieta eta Aginagako eskola txikiekin elkarlanean antolatua, eta Ttakun Kultur Elkarteak gidatuta.
Ahoz zein idatziz, adierazteko eta ulertzeko zailtasuna duten haurrentzako saioak izango dira. Jolasa izango da saioon muina. DBHkoen kasuan, etxerako lanak ulertzen laguntzeko tartea ere hartuko dute astero.
Eskolek eurek izango dute behar hori zein ikaslek duen ebazteko ahalmena. Usurbilen erroldatuta egon baina herriko ikastetxe batean eskolatuta ez dauden haurrek, berriz, Euskara Sailera jo beharko dute erabakia bertan har dezaten. Ikastaro honen kasuan ere, herrira ikasturtea hasita datozenei ere parte hartzeko aukera emango diete.
Klaseak urriko hirugarren astean hastea dago aurreikusita.
Hiru gune izango dira: Zubieta, Aginaga eta kaxkoa. Lehen bietan HH5 eta LH6 bitartekoak elkarrekin ariko dira. Kaxkoan, berriz, hiru talde izango dira: HH5-LH2, LH3-LH6 eta DBH1-DBH4. Ordu eta erdiko bina saio aurreikusi dituzte talde bakoitzarentzat.