Txirikorda jardunaldiak, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa ireki aurreko lan saioak
2022·09·15
Udalak Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa ireki aurreko lan-saioak eskainiko ditu, datozen aste eta hilabeteetan, Txirikordarekiko interesa izan dezaketen herritar guztientzat. Hala jakinarazi dute gaur, prentsaurrekoan, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Mikel Valero Hiritik At kooperatibako kideak. Obrak martxa onean direla, Txirikorda ireki aurretik egin beharreko lanketa betean da udala: batetik, erabilera arautuko duen ordenantza osatzen, eta, bestetik, Txirikordako etorkizun hurbileko bizilagunek proiektuaren izaera barneratzeko prestakuntza saioak antolatzen. Horretarako, Txirikorda jardunaldiak egingo ditu: irailaren 23an eta 24an izango dira, Potxoenean.
Txirikorda bi kolektibo zehatzi zuzendutako proiektua da: emantzipatu nahian ari diren gazteak eta bakardadeari ihes egin eta konpainian bizi nahi duten pertsona helduak. Eta, horrez gain, bestelako elkarbizitza eredu bat sustatu nahi du, Solaberrietak gogoratu duenez: “Txirikordak elkarbizitzarako espazio berritzaileak eskaintzen ditu, bizi eredu komunitarioa sustatzeko, eta, halaber, bi kolektiboak elkar aberastu eta elkar zaintzeko espazioa izan nahi du”. Izan ere, proiektuaren oinarrian dago 2019an gazteekin eta adinekoekin garatutako parte-hartze prozesua. “Han finkatu ziren proiektuaren ezaugarri eta eduki nagusiak: legealdi honetan, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren urrats guztiak egiten ari gara”, azaldu du alkateak.
Prozesu urbanistikoa bideratuta, proiektuaren alderdi soziala garatzeko unea da, alkatearen esanetan: “Txirikorda gizarteratu eta Txirikordaren komunitatea osatu eta gorpuzteko garaia da”. Hau da, ezohiko etxebizitzak izango direnez, berezko izaera hori sustatzeko, Txirikordarekiko interesa izan dezaketen herritarrekin zenbait lan-saio egingo ditu udalak. Batetik, Txirikorda jardunaldiak, irailaren 23an eta 24an. Belaunaldien arteko zein izaera komunitarioko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izango da, Txirikordaren aurkezpenarekin batera. Bestetik, beharrezkoa balitz, informazioan eman eta zalantzak argitzeko saioak egingo dituzte azaroan. Azkenik, Txirikordako bizilagunak izango direnekin talde izaera eta elkarbizitza eredua definitzeko saio parte-hartzaileak egingo dituzte, etxebizitzen esleipenak egin ostean. “Funtzionamenduarekin lotutako alderdi guztiak adostu nahi ditugu, garrantzitsutzat jotzen dugulako taldeak berak bere prozesu propioa egitea: elkar ezagutzea, taldea kohesionatzea eta autogestionatua izatea. Barne araudiari eta funtzionamenduari lotutakoak ere beste ordenantza baten bidez jasoko ditugu”, azaldu du Solaberrietak.
Azken egunotan, udalak eskutitzak bidali dizkie Txirikordaren erabiltzaile izateko adin-baldintzak betetzen dituzten herritarrei: 18 eta 30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei, guztira, 2.000 inguru. Proiektuaren berri emateko aldizkaria, Txirikorda jardunaldien inguruko informazioa eta bertan parte hartzeko gonbidapen gutuna jaso dituzte. Horrez gain, jakinarazi zaie Txirikordaren parte izateko interesa duenak dagoeneko izena eman dezakeela Usurbilgo Udalaren webgunean, usurbil.eus/txirikorda orrialdean, Izen-ematea ataleko galdetegia beteta.
Txirikorda jardunaldiak: egitaraua.
Hiritik At kooperatibak gidatu zuen, 2019an, Txirikordaren inguruko parte-hartze prozesua. Orain, haiengana jo du berriz udalak, proiektua jarri arteko lanketan laguntza teknikoa jasotzeko. Kooperatibako kide Mikel Valerok azaldu du jardunaldien egitaraua; egun batean zein bestean beste gonbidaturen bat gehiago izan daiteke, baina konfirmatu gabe daude oraingoz:
Irailak 23, ostirala (18:00 / 20:00)
Mahai ingurua: belaunaldi arteko esperientziak.
- Matiazaleak. Matia Fundazioan, adinekoen zaintzari lotuta, boluntariotza sustatzen dute, adinekoen zaintzari begira, eta esperientzia luzea dute horretan.
- Hernani auzo-zaintza. Udalak sustatua, baina herritarrak ere inplikatzen dituena.
Irailak 24, larunbata (10:00 / 13:00)
Hitzaldiak: etxebizitza komunitario eta kooperatiboen esperientziak.
- Errenteriko gazteen etxebizitza komunitarioak. Urte batzuk daramatza martxan. Udaleko etxebizitza zinegotzia eta Zabalduz kooperatibako kide bat etorriko dira.
- Madrilgo Entrepatios etxebizitzak kooperatiboa. Erabilera lagapenean oinarritzen dira: bizilagunak kooperatibako kide eta erabiltzaileak dira. Komunitatean bizi dira, eta arkitektonikoki ere antz handia dute Txirikordarekin.
Txirikorda proiektuaren aurkezpena
Kasu honetan, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko esperientziak etorriko dira Usurbila. Valerok argitu duenez, alderantziz ere gertatu izan da: Txirikorda proiektua ezagutzeko gonbitak jaso ditu Hiritik At-ek Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo: “Horrelako proiektu batek, izaera komunitarioa eta belaunaldi artekoa, interesa pizten du. Hainbat lekutan ari dira halako proiektuak lantzen, eta Txirikordarekin hala gertatu da”.
Txirikorda, gauzatzeko atarian.
Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa 16 etxebizitzak osatuko dute, eta Usurbilgo Udala da jabea. Proiektuarekiko interesa duten herritarrekin egingo den lanketaz gain, udal barruan ere lanean ari dira, Solaberrietak azaldu duenez: Txirikordaren erabilera arautuko duen ordenantza osatzen ari dira, etxebizitzak nori eta zein baldintzatan esleituko diren arautzeko. Zehaztu duenez, urriko osoko bilkuran onartu nahi dute ordenantza, hala, etxeak esleitzeko prozesua urte hasieran hasi eta obrak amaitzerako etxeak esleituta izateko.
Ugartondo auzune berri da, kasik, Solaberrietak nabarmendu duenez. Izan ere, 200 etxebizitza inguru eraikitzen ari dira bertan, eta garapen urbanistiko horretatik eratorrita, ekipamendu publiko bat lortu zuen udalak: bertan kokatuko da Txirikorda. Ekipamendu horren erabilerari begira, behar sozialen azterketa egin zuen udalak, eta elkarren osagarri izan zitezkeen bi behar zeudela ikusi zuen: gazteei emantzipatzeko aukera errazteko beharra eta edadekoen bizitoki egokiaren beharra (dela bakarrik sentitzen direlako, edo euren etxean eroso mugitzeko arazoak dituztelako, besteak beste). Hala, proiektuaren bizilagun izango direnak hasiera-hasieratik elkartuta, parte-hartze prozesu bat egin zuten 2018ko abendutik 2019ko maiatzera bitartean, Solaberrietak gogoratu duenez: “Proiektuaren edukiak sortzeko ardura, nagusiki, Txirikordaren erabiltzaile potentzialek izan dute, hots, gazteek eta ez hain gazteek”.
Txirikorda 2019-2023 legealdiko inbertsiorik “garrantzitsuena” izan da, alkatearen esanetan, 2 milioi euro baino gehiagokoa. Zentzu horretan, finantziazioa lortzeko ahaleginak egin ditu udalak: ekipamendu dotazionalak izango direnez, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du, 640.000 eurokoa.
Zaintza ekosistemaren parte.
Gizartearen zahartzearekin batera, badira demografiaren bilakaeran kontuan hartu beharreko beste aldagai batzuk ere: familia edo bizikidetza unitateak txikitzea, migrazio fenomenoak, lanaren sexu banaketa eta pertsona bakarreko etxeak areagotzea. Guztiarekin, zaintza XXI. Mendeko gizartearen erronka nagusietako bat izanik, “halabeharrez eta ezinbestean”, gizartea antolatzeko eta zahartzaroari aurre egiteko modu berriak bilatzea beharrezkoa da, Solaberrietan esanetan. Hori horrela, zaintza eredu berri bat ardatz izango duen ekosistema oso bat eraikitzen ari dira Usurbilen, azken bi urteetan. Horren parte izango da Txirikorda, baita Matia eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzune berria ere.