Eduki publikatzailea

Zumetaren muralaren 50. urteurrena ospatzeko herri jaialdia, irailaren 23ko asteburuan

Herriko hainbat kulturgile eta eragile biltzen dituen Kulturguneak, 650 Usurbil Bizirekin eta udalarekin elkarlanean, Jose Luis Zumetaren muralaren 50. urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu dute, irailaren 22rako eta 23rako. Oskar Alegria zinemagilearen ‘Zumeta 23’ film labur berriaren aurkezpena, Peru Galbete eta Gu taldearen emanaldia, herriko sortzaileen arte plastikoen erakusleiho eta tailerrak, Usurbil Museo Irekia bisita girotua eta elkarlan itzeleko ‘Xumetik’ ikuskizuna egingo dituzte. Herriko hiru ikastetxeek ere parte hartuko dute jaialdian, apaingarri izango diren eskulanak eginez. Malen Aierbek egin du jaialdia iragartzeko kartela.

2023·09·13


Irailaren 23ko asteburuan, Zumetaren muralaren 50. urteurrena ospatzeko herri jaialdia egingo dute usurbildarrek: herriko hainbat kulturgile eta eragile biltzen dituen Kulturguneak, 650 Usurbil Bizi proiektuak eta Usurbilgo Udalak antolatu dute, elkarlanean. Bi eguneko egitaraua izango da, arte diziplina ugari oinarri izango dituena. Malen Aierbe usurbildarrak egin du jaialdia iragartzeko kartel nagusia.

2023an, 50 urte bete dira Jose Luis Zumetaren Usurbilgo murala egiten hasi zenetik (1973an hasi eta 1974an amaitu zuen). Urte hasieran, urteurrena ospatzeko ekimen sorta jarri zuten martxan udalak, Zumeta Arte Estudioak eta herriko hainbat eragile biltzen dituen Usurbilgo Kulturguneak. Kulturgunea da, hain zuzen ere, irailaren 23ko jaialdia antolatzen aritu den eragile nagusia: hamarnaka eragilek parte hartuko dute egun horretako ekintzetan, arte diziplina ugaritan aritzen direnak eta eguneko protagonista izango direnak.

Bezperan, irailaren 22an, udalak Oskar Alegria zinemagileari eskatutako Zumeta 23 film laburra estreinatuko da, Zubietan. Zuzendaria bertan izango da, besteak beste, filmean kolaboratu duen Koldobika Jauregirekin eta Manex Urtasun eta Maite Ortiz de Mendibil pilotari-margolariekin batera. Horren ostean, filmaren musika egin duen Peru Galbeteren emanaldia izango da, Peru Galbete eta Gu izenpean. Egun horren antolaketa nagusia udalaren eta Zubietako Herri Batzarren gain egon da. Larunbateko herri jaialdian ere izango da Zumeta 23 film laburra ikusteko aukera, horretarako propio ezarriko den txokoan: Alegriak berak aurkeztuko du, 12:00etan, Mikel Laboa plazan, Galbeterekin batera.

Herriko hiru ikastetxeek ere parte hartuko dute jaialdian. Herriko ondarearen transmisioa helburu, ikasturte berriarekin, margolariaren figuran sakonduko dute, haren ibilbidean eta sorkuntzan, eta jaialdiaren apaingarri izango diren eskulanak egingo dituzte.

Zumetaren muralaren 50. urteurrena ospatzeko jaialdia: egitaraua

Irailaren 22a, ostirala / 22:00etatik aurrera, Zubietako errebote plazan

Oskar Alegriaren ‘Zumeta 23’ film laburraren aurkezpena

Peru Galbete eta gu taldearen emanaldia

Film laburraz. Duela mende erdi, Jose Luis Zumeta artistak bere lanik ikonikoena utzi zigun bere herriaren bihotzean: Usurbilgo frontoian. Alegriaren lan berrian, bi pilotari-margolarik kolore festa bat ospatu dute, haren omenez, Zubietako errebote plazan; Koldobika Jauregi eskultorearen kolaborazioa izan du, eta Manex Urtasun eta Maite Ortiz de Mendibil izan dira pilotari-margolariak.

Peru Galbete eta Gu. Peru Galbeteren laugarren diskoa da Beiratu. Bizitzari begietara begiratu, edo beiratu. Beiratzea ere badelako gauza bati beiraren ezaugarri edo itxura ematea, eder mantendu dadin. Hirukote akustiko formatuan arituko da Peru, Idoia Arizaleta gitarra eta teklatuan eta Santi Etxeberria kontrabaxuan.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Zubietako Herri Batzarra.

Irailaren 23a, larunbata / Usurbilgo kaxkoan

11:00-13:30. Arte plastikoen erakusleiho eta tailerrak herriko sortzaileekin.

12:00. Oskar Alegriak Zumeta 23 film laburra aurkeztuko du, Mikel Laboa plazan, Peru Galbeterekin batera.

18:00. Usurbil Museo Irekia ibilaldi berezia, ezohiko geldialdiekin eta herritarrek girotua.

22:30. XUMETIK ikuskizuna: muralaren gogoetak dantza, antzerki eta musika bidez.

Antolatzailea: Usurbilgo Kulturgunea.