Eduki publikatzailea

Atzealdea Zumetaren muralaren 50. urteurrena

2023ko urtarrileko Udalberrin argitaratutako zutabea, Jose Luis Zumetaren muralaren 50. urteurrenaz.

2023·01·27


Apirilaren 22an beteko dira hiru urte Jose Luis Zumeta margolari handia hil zela, 81 urteak bete berriak zituela. Zumeta hil berritan, irrati bateko esatariak honako galdera pausatu zidan: “Zer galdu du Usurbilek?”

Nik uste ezin dela Usurbil ulertu, Zumetarik gabe. Jose Luis Zumeta eta Usurbil binomio banaezina da. Sinbiosi sakona izan dugu betidanik. 1939an Txokoalde auzoan jaioa, gertuko pertsona izan da Jose Luis. Nahiago izaten zuen jendetzatik aparte ibili, harrabots handirik gabe, bere erritmoan, bere estiloan. Bere apalean, ordea, arrasto itzela utzi du han eta hemen, Euskal Herrian eta mundu zabalean, eta, zer esanik ez, Usurbilen. Gure herriaren izaerari arnasa emateraino. Zumetaren mundu artistikoa osagai ezinbestekoa da gure herri iruditerian. Bere obra izengabeek Usurbilgo eta usurbildarron bihotza okupatu dute; esaterako, frontoi atzeko horma-irudia edo murala eta egun Mikel Laboa plaza dena.

Usurbilgo udalak eskatuta egin zuen artelan hau Zumetak, 1973 eta 1974 artean. 1972ko urriaren 30ean egindako udalbatzan hartu zuten erabakia. Halaxe diote batzar hartako aktako honako pasarte hauek: “(...) Que los materiales a utilizar y el horno eléctrico que precisa para la realización del trabajo importan un total aproximados de 194.800 pesetas; que sus honorarios de trabajo los señala en 25.000 pesetas mensuales, estimando tardará unos cuatros meses en terminar la obra, (...) Y la corporación municipal, estimando en un todo correctas las condiciones económicas señaladas (...) acuerda por unanimidad aceptarlas y, consecuentemente, concertar con D. José Luis Zumeta Echeverría la realización de un mural en la parte zaguera del frontis del frontón municipal de esta villa”. Txalotzekoa da, ezbairik gabe, orduko udalbatzak artearen eta kulturaren alde egindako apustu hura. Horma irudi hau arrazoi askorengatik Usurbilgo herriaren erakusleiho eta altxor nagusietakoa da. Usurbilgo irudirik ikonikoenetakoa eta ikusgarrienetakoa, eta Euskal Herriko artelanik esanguratsuenen artean leku propioa du.

Zeramikaz egindako mural abstraktu dugu: 16 metroko zabalera eta 9 metroko altuera du. Harrigarria da jakitea Zumetak zeramikaren inguruko inolako ezaguerarik gabe egin zuela horma-irudi handi hau, 34 urte zituela. Lana burutu ahal izateko, paretaren tamaina kontuan hartuta, eskalan egindako kuadranteetan banatzen zen plantila baten gainean lan egin behar izan zuen. Zeramikazko piezak kuadranteetan osatu ondoren pilotalekuaren paretean jarri zituen. Inon irakurri dut 2.800 pieza inguru dituela. Alajaina!

Hain justu, aurten betetzen dira 50 urte Zumetak mural abstraktu hau sortu zuela, eta ez dugu nahi urtemuga berezi hau oharkabean pasatzerik. Horregatik, efemeridea ospatzeko, hainbat proposamen landu ditugu, familiarekin elkarlanean: erakusketak, artelanaren zaharberritzea, hormaren mintzoa egitasmoa… Otsailaren 12an jendaurreko aurkezpen bat antolatu dugu, 12:00etan, muralaren aurrealdean. Non bestela! Honatx, beraz, gonbidapena.