Eduki publikatzailea
Atzealdea Zumarteren eta Orbeldiren egoitza berria urriaren 24an inauguratuko dute
2020·10·01
Denbora gutxi falta da Zumarte musika eskolako eta Orbeldi dantza taldeko kideak egoitza berrian lanean hasteko. Izan ere, eraikina berritzeko lanak amaituta, barrualdea garbitu eta hornitzea baino ez da falta, eta hilaren amaierarako bertan egotea aurreikusten da. Herritarrek eraikina ezagutzeko bisitak eta inaugurazioa antolatu ditu udalak urriaren 24rako. Ordu erdiko hiru bisita izango dira, 11:00etan hasita: izena eman behar da, hezkuntza@usurbil.eus helbidean. Zumarte musika eskolako irakasleekin bisita egin dute gaur udalbatzako zenbait ordezkarik eta obra zuzendaritzak, irakasleen eskariz.
Eraikina energetikoki efizientea izango da. Batik bat, erabiliko duen beroketa sistemak geotermia bidez funtzionatuko duelako. Horrez gain, zeharka helburu horri laguntzen diote, batetik, egitura guztia egurrezkoa izateak —eraikitzerako orduan, hormigoiak baino aztarna ekologiko txikiagoa baitu—, eta, bestetik, estalki begetalak.
2017/18 ikasturtean hasita, aurreikusi baino gehiago luzatu dira lanak. Izan ere, tartean, enpresa eraikitzailearekin, Moyuarekin desadostasunak izan dira. Eraikina birgaitzeko konpromiso irmoarekin, ordea, akordioa lortu, eta erritmo bizia hartu zuen obrak. Ikasturtea han hastea zen asmoa, baina Covid19-ak beste behin eragin dio obraren martxari.