Eduki publikatzailea
Atzealdea Zubietaz, batzar nagusietan
2022·04·07

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ponentzia bat eratu berri da, lurraldeko udal barrutiak arautzen dituen foru araua berrikusteko. Hiru hilabetez arituko da lanean, eta udal, elkarte, auzo-batzar edota toki entitateetako ordezkarien agerraldiak antolatu dituzte. Esaterako, Ereñozu-Hernani, Itziar-Deba, Angiozar-Bergara, Ezkio-Itsaso edota Igeldoko ordezkariek hartu dute hitza, dagoeneko. Zubietako egoeraz aritzeko gonbita luzatu ziguten: martxoaren 23an han izan ginen Zubietako Herri Batzarreko kideak, Eneko Goia Donostiako alkatea eta ni neroni Usurbilgo Udalaren izenean.
Nire irudiko, ekimen honek aukera berria zabaldu beharko luke Zubietarentzat, eta hala izan dadila eskatu nuen. Hona hemen plazaratu nituen ideia nagusiak:
1) Geure egiten dugu zubietarren ikuspegia: Zubieta herria da, nahiz egungo egituraketa administratiboan udalerria ez den. Guk babesten dugu zubietarren erabakitzeko eskubidea: uste dugu zubietarrak badirela nor beren herriaren orainaz eta geroaz erabakitzeko, eta burujabe izateko eskubidea dutela.
2) Joxe Ramon Zubimendik idatzitako Zubieta mila urteko herria liburua irakurtzera gonbidatu nituen. Liburua irakurtzean jabetuko gara Zubietako komunitatea ez dela oraingoxeko kontua. Usurbil hiribildua egin zenerako bazela Zubietako komunitatearen aipamenik. Milurteko errepasoaren ondotik jabetuko gara, ordea, Zubieta ia esku hutsik iritsi dela garaiotara, autonomia puska handia galdu duela XX. mendean, eta gaur egungo administrazio-ereduak, 1996an ezarri zenak, ez diela erantzuten zubietarren nahi eta beharrei. Eredu horrek Zubietako Herri Batzarrari nolabaiteko gestio-gaitasuna eta Zubietaren batasuna aitortzen ditu; alabaina, gauza bat da filosofia, eta bestea da praktika, azken urteetan Donostiako eta Gipuzkoako erakundeetatik sustatu dituzten proiektu urbanistiko eta kutsakorrek (errauste planta, Eskuzaitzeta, espetxea...) erakusten duten bezala.
3) Zubieta zer den eta besteoi zer eskaintzen digun baloratzeko eskatu nien, ikuspegi utilitarioa alboratuta. Zubietak bere izaera errespetatzea eta sendotzea merezi du: horretan saiatu gara Usurbilgo Udaletik, HAPOa oinarri, ‘Guk Zubietan zer?’ lelopean garatutako parte-hartze prozesuan.
4) Egungo antolamendu administratiboak ez du lege-babesik, eta, beraz, ez da loteslea. Borondate politikoa ez da aski. Behar-beharrezkoa da udalon barne-funtzionamenduak egokitzea Zubietaren berezitasunari tokia egiteko.
5) Auzo/herri guztien Usurbil eraiki nahi badugu, udaleko funtzionamendua eta antolaketa egokitu beharrean gara, auzo/herriek udalean ahots propioz jardun dezaten. Halaxe dago jasota gure legealdiko planean eta horri ere ekin beharko genioke, elkarlanean.
6) Ponentzia honek aukera berria zabaldu behar luke Zubietaren batasuna indartzeko, herri-izaera sendotzeko, babes juridikodun administrazio-eredu bat egituratzeko, eta, azken batean, Zubietaren borondatea errespetatuko duen marko bat garatzeko.
Zubietaren armarriak dio Zubieta, batu ez banandu. Ez da kasualitatea armarriko irudia zubia izatea. Izena bera ere hortik datorkio. Izena eta izana bat. Eraiki ditzagun besteok, beraz, Zubietarekin zubiak.
