Eduki publikatzailea
2020·09·30
Guk Zubietan Zer parte-hartze prozesua antolatu du udalak udazkenerako: Zubietaren inguruko hainbat alderdi izango dituzte aztergai herritarrek, saioen emaitza Usurbilgo HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean txertatzeko. Urriaren 8an aurkeztuko dute prozesua Usurbilgo eta Donostiako udalek, Zubietako Herri Batzarrak eta EHUk: ekitaldia irekia den arren, beharrezkoa da izena ematea, edukiera kontuengatik, hirigintza@usurbil.eus helbidean.
Datorren urtean onartu nahi da HAPOa hasieraz: hurrengo 10-15 urterako Usurbil marraztuko du. Herriko hainbat tokitan, tokian-tokiko herritarrekin halako parte-hartze prozesuak egin izan ditu udalak. Horren adibide da, esaterako, aurreko legegintzaldian Aginagan egindakoa: “Interes orokorra oinarri, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea behar-beharrezkoa da eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.
Aginagan egin bezala, Zubietaren kasuan ere, nortasun propioa duen aldetik, gogoeta gune berezitu bat sortzea erabaki dute, etorkizun hurbila zubietarrek eurek irudika dezaten. Usurbilgo Udalak, beste ezer baino lehen, Zubietako Herri Batzarrari aurkeztu zion bere asmoa, eta prozesuaren nondik norakoak elkarrekin landu zituzten. Halaber, Donostiako Udalari ere aurkeztu diete egitasmoa: haiek HAPOa berridazteko fasean ez badaude ere, Usurbilgo Udalak abiatuko duen prozesuan interesa adierazi eta parte hartzeko konpromisoa hartu dute. “Zubietaren berezitasunak kontuan hartuta, garrantzitsua iruditzen zaigu Donostiaren inplikazioa izatea, eta, horren erakusgarri, prozesuaren aurkezpenean izango da”, nabarmendu du Solaberrietak.
Guk Zubietan Zer parte-hartze prozesuan EHU izango da gidari: Solaberrietak azaldu duenez, zeregin hori erakunde objektibo batek garatzea garrantzitsua da udalarentzat. Hala, EHUko arkitektura fakultateko ikertzaile talde batek diseinatu eta gidatuko du, eta urri eta azaro bitartean burutuko da prozesua. Zubietako espazio publikoan jarriko den erakusketarekin emango zaio hasiera prozesuari. Pasa den ikasturtean EHUko Arkitektura Eskolako ikasleek hainbat tokitan espazio publikoaren eta hiri ekipamenduen inguruan egindako lanak erakutsiko dira, tartean, Zubietan bertan egindakoa.