Zubietako zerbitzuak modu eraginkorragoan kudeatzeko hiru erakundeen arteko hitzarmenari argi berdea emango dio Usurbilgo Udalak
2019·03·28
Donostiako Udalak, Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak hitzarmena sinatuko dute epe motzean, Zubietako zerbitzuak modu eraginkorragoan kudeatzeko xedez. Aspaldiko arazo bati soluzioa emango zaio, horrenbestez. Zubietaren berezitasun administratiboa dela eta, horrek hainbat arazo sortu izan ditu zerbitzuen kudeaketan, bai egunerokoan bai inbertsioak egikaritzean, edota zenbait tasa eta zergen ordainketari dagokionez ere. Horregatik, “administrazio publikoen jarduketak zuzendu behar dituen efizientzia printzipioari jarraituz”, alde guztiek ikusi dute beharrezko zerbitzuak berrantolatzea, “bikoiztasun administratiboak saihesteko eta kostuak eta ahaleginak ekonomizatzeko”. Hain justu, gaur arratsaldean Usurbilgo Udalean egindako osoko bilkuran, aho batez, onartu da hitzarmenari bide ematea. Donostiako Udalak martxoaren 22an egindako osoko bilkuran onartu zuen. Beraz, udalbatzek onartuta, hiru erakundeek izenpetzea baino ez da falta.
Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta Zubietako lurralde esparru osoari eragingo dio. Halaber, honako zerbitzu eta jarduketa hauek berrantolatzen ditu: uraren hornidura; saneamendu sarea; hondakinen bilketa; bideen garbiketa; parkeak, lorategiak eta zuhaitzak; landa bide publikoen garbiketa eta mantentzea; argiteria publikoa; hiri-altzariak; garraio publikoa; instalazio eta ekipamendu publikoak; mantentze-jarduketak; eta logoak.
Hondakin bilketa, Usurbilgo Udalaren esku
Hitzarmen honek aldaketa esanguratsuenak hondakinen bilketan ekarriko ditu, izan ere, Usurbilgo Udalak bere gain hartuko du zerbitzua Zubieta osoan. Hitzarmenean honela jasotzen da, hitzez hitz:
“Usurbilgo udal mugartean kokatutako etxebizitzetan hondakinak atez ate jasoko dira. Donostiako udal mugartean kokatutako etxebizitzetan bizi direnek hautatu ahal izango dute zein sistema nahi duten:
- Atez atekoa: Usurbilgo Udaleko araudiari jarraituz.
- Zubietako garbiguneetan kokatutako edukiontzien sistema: Donostiako Udaleko araudiari jarraituko zaio. Sistema horri heltzen diotenek giltza elektroniko bat izango dute.
Etarten kokatutako garbiguneaz gain, Donostiako Udalak beste bat jarriko du Barazarren, eta bi garbiguneen kudeaketa gastuak Usurbilgo Udalak hartuko ditu bere gain.
Irigoien kaleko eta Errota bideko bilketa-puntuak kenduko dira, eta mantendu egingo dira Irigoieneko eta Araetako merkataritzako bilketa-puntuak”.
Tasei dagokionez, udal bakoitzak bere abonatuei bidaliko die ordainagiria, zerbitzua edonork ematen duela ere.
Jarraipen batzordea
Bestalde, hitzarmenaren zazpigarren puntuan jasotzen denez, batzorde bat sortzea aurreikusten da, lankidetza-hitzarmenari jarraipena egiteko, hura zaindu eta kontrolatzeko. “Batzorde horrek ebatziko ditu lankidetzaren hitzarmen honen inguruan sor daitezkeen interpretazio eta betetze arazoak, eta bien arteko koordinazio egokia bermatuko du”. Batzorde mistoa 6 pertsonak osatuko dute, eta bina izendatuko ditu alde bakoitzak.