Eduki publikatzailea

Atzealdea Zubietako Lanbide Eskolak eta Usurbil Futbol Taldeak botako dute Santixabeletako txupinazoa

Jai Batzordeak agerraldi jendetsua egin du, Santixabeletako egitaraua, diseinuaren irabazlea eta txupinazoaren ingurukoak aurkezteko: bihar banatuko da egitaraua, etxez etxe. Txupinazoa botatzeaz gain, Zubietako Lanbide Eskola eta UFT izango dira Santixabel eguneko soka dantzako gonbidatuak ere. Haira Rivero Arrietak irabazi du egitarauaren diseinu lehiaketa. Koadrodun zapi urdina soinean hartuta, herri kalejira jendetsua egin nahi du jai batzordeak txupinazoaren ostean: herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.

2026·06·17


Santixabeletarako bi aste eskas falta direnean, festei lotutako hainbat edukiren berri emateko agerraldia egin du, gaur, Santixabeletako jai batzordeak. Nagusiki, egitarauaren edukia aurkeztu eta diseinu lehiaketaren irabazlea eta txupinazoa nork botako duen iragarri dute. Festak uztailaren 1etik 5era izango dira: bihar bertan banatuko dute egitaraua, etxez etxe.

Txupinazoa eta soka dantza

Txupinazoa nork bota erabakitzeko proposamenak egiteko eskatu zitzaien herritarrei, eta apirilaren 21etik maiatzaren 19ra bitartean izan zen horretarako aukera. Azaldu dutenez, guztira, 63 boto jaso dira, eta 18 proposamen egon dira. Jasotako boto guztiak aztertu zituen jai batzordeak, eta aurtengoa txupinazo konpartitua izango dela erabaki: UFT Usurbil Herriarentzat Futbol Taldeak eta Zubietako Lanbide Eskolak botako dute.

UFT-k eta Zubietako Lanbide Eskolak 50. urteurrena dute aurten, eta txupinazoa botatzea 50 urteotan egindako lanaren aitortza egiteko baliatu nahi izan du jai batzordeak. Soka dantzako gonbidatuak ere haiek izango dira: Jon Mikel Azpiazu zinegotziak azaldu duenez, txupinazoarena ebatzi aurretik erabaki zuten haiek gonbidatzea, eta baiezkoa eman zuten. Bi taldeetako ordezkariek, beraz, uztailaren 1ean txupinazoa botako dute eta uztailaren 2an, udalbatzako zinegotziekin dantza egingo dute.

Festa zaintzaileak

Aurten ere, komunitate lantaldeak jai batzordean parte hartu du festen antolaketan, gainerako eragileekin batera. Espresuki adinekoengan pentsatuz antolatutako ekitaldiez gain, erraztasunak ematen saiatu dira haiek ere festez gozatzeko aukera izan dezaten eta festen parte senti daitezen, esaterako, gustuko dituzten ekitaldiak haientzako ordu aproposetan ezarriz. Hala, festetako bertso saioa 19:00etan egingo da aurten ere, edo txutxu trenaren tarte bat espresuki gordeko da Eguneko Zentroko eta Eguneko Arretako erabiltzaileentzako. Argazki zaharren emanaldi berezi bat ere haiengan pentsatuz antolatu da: Santixabeletako argazki zaharren diaporama emanaldia izango da, zehazki, 1984 eta 2024 urteetakoak. Festen bezperan izango da, ekainaren 29an, 19:00etan, Sutegin.

Egitarauaren eduki nagusiak

Ohi bezala, adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatzen ahalegindu da jai batzordea. Txupinazoa uztailaren 1ean izango da, 19:00etan, eta horren ostean herri kalejira egingo dute, buruhandi eta erraldoiek lagunduta: jai batzordeko eragile guztiek parte hartuko dute bertan, eta herritar guztiak ere bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Egun horretan bertan, gainera, festa giroa goizetik sumatuko da, oilasko biltzaileak irtengo baitira.

Kontzertuei dagokienez, estilo desberdineko hainbat talde arituko dira, frontoian, Artzabalen zein txosnetan: La Furia, Tapia eta Leturia, The Lio, 48280, Izan bai, Bele, Bad Sound, Fifi eta Fefa DJ, Siwanaba Dja eta A toda madre mariatxiak, besteak beste. Txarangak eta elektrotxarangak ere izango dira, noski.

Ohiko ekitaldiek ere ez dute huts egingo: bertsio gaua eta karaokea izango dira txosnetan, baita gazte bazkaria eta paella lehiaketa ere. Urteroko bertso saioa eta jubilatuen bazkaria ere egingo dituzte. Kirolik ere ez da faltako: herri kirolak egingo dira, herritarrez osatutako bi talde lehian jarrita, esku pilota txapelketako finala, ginkana...

Diseinuaren irabazlea

Aurten ere, Santixabeletako egitarauaren diseinua lehiaketa bidez erabaki da. Txupinazoarekin bezala, diseinu proposamenak jasotzeko epea apirilaren 21etik maiatzaren 19ra bitartean izan da, eta tarte horretan hiru lan jaso dira. Lan guztiak aztertu ostean, diseinu irabazlea Haira Rivero Arrieta izan da, eta 600 euroko saria eskuratu du.

Epaimahaia bost lagunek osatu dute: jai batzordeko bi ordezkarik, kultura zinegotziak eta diseinu arloan ezagutza duten bi kidek. Lan irabazleari dagokionez, aurreko urteetako egitarauekiko desberdina izatea, festa girokoa izatea, kolore biziak izatea eta mezu osagarriak argi adieraztea nabarmendu ditu epaimahaiak.

Eraso matxistak: sentsibilizazioa eta arreta zerbitzua

Azken urteetan bezala, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko da Santixabeletan: Emagin elkartea kontratatu du udalak zeregin horretarako. Informazio gunea eta arreta puntua jarriko dira festetako egunik jendetsuenetan, uztailaren 3an eta 4an. Informazio gunea jai eremuan kokatuko da, Mikel Laboa plazan, eta eraso matxisten inguruko kontzientzia lantzeko balio du; 21:00etatik 00:00etara izango da, bi egunetan. Arreta puntua berriz jaietan gerta daitekeen edozein intentsitateko erasoren aurrean aurrez aurreko arreta emozionala zien bide laguntza eskaintzeko baliabidea izango da: hau Gaztelekuan eskainiko da, 00:00etatik 06:00etara bitartean.

Emaginen zerbitzurik ez den egunetan, zerbait gertatuko balitz, jaigunetik aparte eta era berean eskura egongo den leku segurua, Santixabeletan, Gaztelekua izango da: atean kutxa bat jarriko du udalak, Gaztelekuko giltza barruan duela, eta norbaitek bertara jotzeko beharra badu, txosnetan eskatu ahal izango du kutxa hori irekitzeko kodea.

Bestelako oharrak

Prezio bereziak izango dira barraketan uztailaren 3an eta 6an. Iazko prezioak mantenduko dira aurten: izan ere, udalak eta AFADE ferialarien elkarteak hitzarmen bat sinatu zuten hiru urterako, prezio berdinak mantentzeko.

Ordu lasaiak ere hitzartu dira ferialariekin: uztailaren 2an (19:00-20:30) eta uztailaren 4an (12:00-14:00) izango dira. Musika eta argi bizirik gabeko tarteak izaten dira.

Egitarau elebiduna udalaren webgunetik zein Usurbil Kulturatik deskargatu ahal izango da; paperean nahi izatekotan, honako lekuetan eskuratu ahal izango da: Artzabalgo eta Santueneko zaharren egoitzetan, Sutegi liburutegian, Potxoenean eta kiroldegian.

Egitaraua (PDF): hemen.

Egitarau elebiduna (PDF): hemen.