Eduki publikatzailea
Atzealdea Ziortzari eta Udarregiri dirulaguntza bana ematea onartu dute, aho batez
2022·05·27

Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2020-2022) Gazteria eta Hezkuntza sailetako 2022ko eranskinak aldatzea onartu dute, aho batez, maiatzeko osoko bilkuran: hala, Ziortzari eta Udarregiri dirulaguntza bana ematea onartu dute, 2.000 eta 4.000 eurokoak, hurrenez hurren.
Ziortza gazte elkarteak udalekuak antolatu ohi ditu urtero, eta izena ematen duen haur bakoitzeko dirulaguntza eman ohi dio udalak (60 euro, haur bakoitzeko). Beñat Larrañaga zinegotziak maiatzeko osoko bilkuran azaldu duenez, ordea, aurten ohi baino izen-emate handiagoa izan dute, eta dituzten azpiegiturekin ezingo lituzkete haur guztiak hartu. Elkarteko kideek gaia aztertu dute, eskaera guztiei erantzun ahal izateko modua bilatzeko: bi kanping denda erosita eta txandak berrantolatuta lor dezakete.
Udarregiren kasuan, bere proiektu pedagogikoaren barruan, eskolaz kanpoko espazioak erabiltzeari ekin diote. Elementu berriak txertatu nahi dituzte orain, sedentarismoari aurre egiteko helburuarekin. Proiektuak 13.000 euroko kostua du, eta horietatik 5.000 euro Eusko Jaurlaritzatik lortu ditu. Udalbatzak, bere aldetik, 4.000 euroko laguntza onartu du, elementu horiek espazio publikoan jarriko direnez, herritar guztiek erabiltzeko modua izango dutelako.
