Eduki publikatzailea

Atzealdea Zergak, tasak eta prezio publikoak %3 igoko dira, 2026an

Uztaileko EAEko KPI-aren araberako igoera proposatu du udal-gobernuak: irizpide orokorra %3ko igoera bada ere, zenbait salbuespen izango ditu. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu da; PSE-EEk abstentziora jo du. Hobarien sistemari eutsiko zaio 2026an ere.

2025·10·09


Datorren urterako ordenantza fiskalak onartu ziren atzo, ezohiko osoko bilkuran. EAEko uztaileko KPI-a oinarri hartuta, %3ko igoera orokorra aplikatuko da udal zerga, tasa eta prezio publikoetan, baina zenbait salbuespen ere izango diraUdal-gobernuaren eta EAJren aldeko botoekin onartu ziren ordenantza fiskalak; PSE-EEk abstentziora jo zuen. Erabakia GAOn argitaratzen denean jendaurreko epea irekiko da, 30 egunekoa, alegazioak aurkezteko.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak gogoratu zuenez, ordenantza fiskalen bidez arautzen dira udal zergak, tasak eta prezio publikoak. Udalaren diru-sarreren ehuneko handi bat lortzen da horien bidez, eta herritarrei ahalik eta zerbitzu publikorik onenak eskaintzea da helburua, herritarren beharrak eta udalaren diru-sarreren arteko finantza oreka bermatuz. Udalaren funtzionamendua bermatzeko diru-iturri nagusia ez ezik, tresna ere badira: “Bitarteko bat dira Usurbilerako dauzkagun helburuak lortzeko, berdinzaleagoa, bizigarriagoa eta jasangarriagoa eraikitzen jarraitzeko. Zentzu horretan, lehentasuna bi ildotan jartzen dugu: berdintasuna eta justizia soziala eta trantsizio ekosoziala. Izan ere, azken urteotan bide bat egiten ari gara fiskalitate justuago eta berdeago bat izateko”.

Udal-gobernuak EAEko KPIaren araberako igoera orokor bat proposatu du, %3koa. Aurten, uztaileko KPI-a hartu da erreferentzia gisa, ordenantza fiskalak lantzen hasi zirenenean abuztukoa, artean, argitaratu gabe zegoelako. Zenbait salbuespen daude hainbat tasa eta prezio publikotan, kasu askotan zerbitzu horien gastu eta sarreren balantzeen emaitzak adierazitakoaren arabera hala erabakita.

TASAK

Tasak udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoengatik ordaintzen dira. Legealdi hasieran, legealdi osorako planteamendu bat egin zen, igoera progresibo bat gauzatzeko: aurtengo aldaketak orduan zehaztutakoak dira. Horren adibide da ur hornidura, estolderia eta arazketaren tasa. Legealdi hasieran aldaketa esanguratsu bat egin zen, lehen aldiz hasi baitzen udala arazketagatik kobratzen; ordura arte sekula kobratu ez zuena.

Uraren tasak bi kuota ditu: finkoa eta aldakorra, kontsumoaren araberakoa. Estolderiagatik ur kontsumoaren %75 kobratzen da, eta arazketagatik ur kontsumoaren %60 kobratzea finkatu zen. %60 hori kolpetik ezarri ordez, hiru urtetan modu progresiboan igotzea erabaki zen, urtez urte %20 igoz: aurten azken urtea izango da, beste %20 aplikatuz. Beraz, estolderia eta arazketagatik, ur kontsumoaren tasa %135ekoa izango da. “Nabarmentzekoa da usurbildarrek uraren tasagatik ordaintzen dutena inguruko herrietako tasen azpitik dagoela”, azaldu du Solaberrietak.

Tasen beste aldaketa esanguratsu bat hondakinei dagokiena da: %15eko igoera izango du. Erabakia zero defizita lortzeko helburuarekin hartu da: “Hala daukagu jasoa Usurbil 00 plangintzan, baina esan behar dugu helburu horri jarraiki hainbat neurri hartu ditugula: ez soilik tasak igoz, baita gastuen euste ariketa bat eginez ere”. Udalei hondakinen kudeaketagatik kobratzen zaizkien tarifak ere mahai gainean jarri ditu alkateak, era berean: “Gipuzkoan, bestelako fiskalitate bat aplikatuko balitz, udalak lituzkeen sarrerak gehiago lirateke eta horrek lagunduko liguke defizit zerora iristen”. Udalaren kalkuluen arabera, hala balitz, 83.000 euro aurreztuko lituzke.

Hilerriaren tasan ere aldaketak izango dira. Zerbitzuak sortzen dituen kostu eta sarreren azterketa bat egin da, eta hiru aldaketa nagusi egin dira. Emakida batzuk eguneratu dira, eta igoera batzuk planteatu dira kostu handia eragiten duten zerbitzuetan, hala nola, errautsak edo gorpuzkiak atera eta lekuz aldatu nahi den kasuetarako. Tanatorio zerbitzuan ere igoera izango da. Defizita %50ekoa zen, lehen, eta moldaketekin, %30 inguruan geldituko da. Zerbitzua garestitu arren, hobekuntzak ere egingo dira, Solaberrietak azaldu zuenez: Aginagako hilerrian hainbat esku hartze planteatu dira, eta Usurbilgo hilerrian aparkaleku berri bat egitea da asmoa, egungo gabeziak tarteko.

PREZIO PUBLIKOAK

Prezio publikoak udalak eskainitako zerbitzuengatik ordaindu beharrekoak dira: kasu horretan, borondatez erabakitzen da zerbitzu horietara jotzea. Kasu honetan ere, legealdi hasieran egindako planteamenduari eutsi zaio. Kiroldegiko abonamendua aurten beste %5,5 igoko da, Buruntzaldean hala adostuta. Udajolasen ere urtez urteko igoerak egitea planteatu zen, gastuak eta sarrerak %50eko defizitean uztea helburu bezala markatu baitziren: aurten 15 euroko azken igoera izango da, datorren urteko kuota 135 euroan finkatuz. Haur eskolaren kasuan, kuotak bere horretan uztea proposatu da.

ZERGAK

Zergen bidez herritarren aberastasuna zergapetzen da, eta %3ko igoera orokorra planteatu da. Solaberrietak azaldu duenez, herritarren presio fiskalaren inguruko azterketa bat egin da, eta inguruko herriekin konparatu, OHZ Ondasun Higiezinen Zerga eta ibilgailuen zerga kontuan hartuta. Azterketaren arabera, hainbat herritako biztanleek baino presio fiskal handiagoa du Usurbilek, eta bi zerga horiek ez aldatzea erabaki da. Gainbalioko zergaren kasuan, %5eko igoera izango da.

Zergen kasuan, OHZ-ren errekargua nabarmendu da. Etxebizitza hutsei %150eko errekargua aplikatzea erabaki zen iaz, ordura arteko %50aren ordez: 2025an aplikatu da lehen aldiz %150ekoa. Solaberrietak azaldu duenez, 193 kobrantza bideratu dira aurten: 38 errekurtso izan dira, eta horietatik 8 ez dira onartu. Beraz, 163 etxebizitzari iritsi zaie errekargua. Horrekin batera, zuzenketa bat ere sartu da: orain arte etxe huts gisa hartu dira inor erroldatu gabeko etxeak, baina alokairu kontratua aurkeztea nahikotzat jo izan da bertan norbait bizi dela frogatzeko. Hemendik aurrera baldintza hori aldatu egingo da, eta gutxieneko energia kontsumoa aztertuko da etxe bat hutsik ez dagoela frogatzeko irizpide gisa.

Trantsizio ekosozialari begira hainbat neurri jasotzen dira ordenantza fiskaletan. Orain arte, energia aprobetxamendurako inbertsioak eginez gero OHZ-n %40ko hobaria jaso izan da, obra egin eta hurrengo urterako. PSE-EEk emendakina aurkeztu zuen, hobari hori %50koa izan zedin, eta testuan jasota gelditu da. Erredakzioan ere aldaketa bat egin da: obrak legeak hala behartuta egiten direnean ez dira emango, bestela egiten direnetan baizik.

Justizia sozialean eta aukera berdintasunean aurrera egiteko” bitarteko dira ordenantza fiskalak, Solaberrietaren esanetan. Gogoratu duenez, 2022tik aurrera zabaldu egin zen hobariak eskuratzeko aukera, tasetan ez ezik prezio publikoetan ere aplikatuz, eta horri eutsiko diote hurrengo urtean ere: “Onuradunak gizarte talde zabalak izan daitezkeela uste dugu, eta horiei eustea erabaki dugu”.

Ordenantza fiskalak EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu ziren. PSE-EEk, bere aldetik, abstentziora jo zuen. Egindako bi emendakinetatik bat onartu izanagatik eskertuta agertu bazen ere, bestea erreferentziatzat Espainiako KPI-a hartu eta igoera %2,7koa izatea proposatu zuen ez zen onartua izan, eta horregatik jo zuen abstentziora.