Eduki publikatzailea

Atzealdea Zergak, tasak eta prezio publikoak % 3,7 igoko dira, 2027an

Uztaileko EAEko KPI-aren araberako igoera proposatu du udal-gobernuak: irizpide orokorra % 3,7ko igoera bada ere, zenbait salbuespen izango ditu. Hobarien sistemari eutsiko zaio, zaurgarritasun kontzeptu berriak barne hartuta. Egonaldi turistikoen zerga berria txertatu da ordenantzetan.

2026·10·09


Datorren urterako ordenantza fiskalak onartu dira, ezohiko osoko bilkuran. EAEko uztaileko KPI-a oinarri hartuta, % 3,7ko igoera orokorra aplikatuko da udal zerga, tasa eta prezio publikoetan, zenbait salbuespenekin. Aho batez hartu da erabakia: GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan jendaurrean jarriko da, alegazioak aurkezteko.

Aurten, iaz bezala, uztaileko KPI-a hartu da erreferentzia gisa, ordenantza fiskalak lantzen hasi zirenean, artean, abuztukoa argitaratu gabe zegoelako. % 3,7ko igoera orokorrak salbuespenak izango ditu hainbat tasa eta prezio publikotan, kasu askotan zerbitzu horien gastu eta sarreren balantzeen emaitzak adierazitakoaren arabera hala erabakita. Salbuespenak:

TASAK

Tasak udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoengatik ordaintzen dira.

1. Arazketa

Uraren tasak bi kuota ditu: finkoa eta aldakorra, kontsumoaren araberakoa. Estolderiagatik ur kontsumoaren % 75 kobratzen da, eta arazketagatik ere ur kontsumoaren % 75 kobratuko da 2027an, % 15 igota. 2023-2027 legealdiaren hasieran hasi zen udala arazketa kontzeptuagatik kobratzen: kolpetik ur kontsumoaren % 75ko tasa ezarri ordez, modu progresiboan igotzea erabaki zen. Ur zikinak garbitu eta berriz ere ibaira edo itsasoetara isuri ahal izateko prozesua da arazketa: Usurbilgo ur zikinak Añarbek Loiolan duen araztegian tratatzen dira.

2. Hondakinak

%10eko igoera proposatzen da. Usurbil 0.0. plangintzaren helburuei jarraiki, hondakinen bilketa eta kudeaketaren finantza oreka helburu, zenbait neurri hartu dira azken urteetan: batetik, tasa igotzea eta, bestetik, gastuen kontentzio ariketa egitea. Hartutako neurriez gain, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan lortu den akordio politikoaren bidez tratamendu tasa bidezkoagoak adostu dira, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen esanetan: “Fiskalitate bidezkoago horren ondorioz, saritu egiten da usurbildarrek gaika bereizteko egiten duten ahalegina: gure bilketa eta tratamendu gastuengatik gutxiago ordaindu beharko dugu: 41.000 euro gutxiago)”. Hala, Solaberrietak nabarmendu duenez, hondakin bilketa zerbitzuaren defizita inoizko txikiena izango da aurten: udalaren aurreikuspenen arabera, defizita 123.000 eurokoa izango da (iaz, 219.000 eurokoa izan zen).

PREZIO PUBLIKOAK

Prezio publikoak udalak eskainitako zerbitzuengatik ordaindu beharrekoak dira: kasu horretan, borondatez erabakitzen da zerbitzu horietara jotzea. Legealdi hasieran egindako planteamenduei eutsi zaie, kasu honetan ere.

1. Kirol zerbitzuak

Kirol zerbitzuen prezio publikoak Buruntzaldean adosten dira. Legealdi hasieran erabakitakoari eutsiz, aurten beste % 5,5 igoko da kiroldegiko abonamendua.

2. Udajolas

Beste 15 euro igoko da, eta, hala, 2027ko Udajolaseko kuota 150 eurokoa izango da. Udal-gobernuak azaldu duenez, prezioa igo arren, gastuen eta sarreren arteko oreka bermatzetik urrun dago udala.

ZERGAK

Zergen bidez herritarren ondasunak eta aberastasuna zergapetzen dira.

1.- Egonaldi turistikoak

Foru arauak hala ezarrita, zerga berri bat izango da 2027an, 12. ordenantza fiskalean jasoko den egonaldi turistikoen zerga. Udal zerga izango da, udalei aukera emango diena tokian tokiko errealitatera egokitzeko, eta progresiboa izango da: bost izarreko hotel bateko turistak kanpin batekoak baino gehiago ordaintzea da horren helburua. Gaueko eta adin nagusiko kobratuko da, salbuespenekin.

Kargak edo tasak taula batean finkatu ditu foru arauak, eta udalak gehieneko kopuruetara jo du, herrian dauden alojamendu eskaintzari erreparatuta. Alojamenduek hiru hilabetero aurkeztu beharko dituzte likidazioak.

2.- OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga

2.1. Izaera bereziko ondasunak

Foru arau berriak portuak, trenbideak, errepideak, aireportuak, ordainpeko autopistak... zergapetzen ditu. Usurbilgo kasuan, AP8-a dago, baina Bidegi salbuetsita dago; edozein kasutan, ordenantza fiskaletan sartu da, jasoa gera dadin. Trenbidea ere salbuetsita dago.

2.2. Zaurgarritasunen multzoa zabaltzea

Foru arauaren beste berritasun bat zaurgarritasunei lotutakoa da. % 90 arteko hobariak aplikatu daitezke OHZ zergan, honako kolektiboentzat: familia ugariak, guraso bakarreko familiak (ohi etxebizitzagatik, gehienezko 300.000 euroko balio katastralean) eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak. Udal-hobari sistemaren irizpide ekonomikoak aplikatuko dira, diru-sarreren arabera.

2.3. Etxebizitza hutsen errekargua

2026an aplikatu zaie, lehenengo aldiz, % 150eko errekargua etxebizitza hutsei. Hilabeteotan zenbait hobekuntza egiteko beharra agerian gelditu da, eta errekargutik salbuesteko kasu gehiago sartuko dira ordenantzetan.

HOBARIAK

Udal-hobarien sistemari eutsiko zaio 2027an ere. “Prezioen garestitzeak ez gaitu berdin kolpatzen herritar guztiak. Hobari sistema anbiziotsu bat daukagu, pertsona eta familia zaurgarrienak gure politika publikoen erdigunean ditugulako”, nabarmendu du Solaberrietak.

Hobariak aplikagarriak dira honako tasa eta prezio publikoetan: ur hornidura, hondakinen bilketa, estolderia zerbitzua, hileta zerbitzuak (panteoikoak izan ezik), baratzeen erabilera, kirol zerbitzuak (kiroldegiko abonamenduak eta ikastaroak) eta Udajolas. 2027tik aurrera, OHZn ere aplikatuko da. “Herritarrei zerbitzu eta eskaintza publiko guztietarako sarbidea erraztu eta bermatu nahi zaie, edozein dela ere bere errenta maila, eta modu horretan usurbildarron aukera berdintasuna bermatu, inor atzean edo bazterrean utzi gabe”, nabarmendu du Solaberrietak