Eduki publikatzailea

Atzealdea Zapategiko garapen industriala

2025eko abenduko Udalberrin argitaratutako zutabea, Zapategi eremuaren garapenaz.

2025·12·04


Laster mugimendua ikusten hasiko gara Michelin alboko orube hutsean, Zapategi deitzen den eremuan, hain zuzen. Asko kostata, eta izerdi hotzak botata, garapen industrial garrantzitsu bati bide emango dioten lehen lanak hasiko baititu Gureak enpresak. Albiste ezinhobea, beraz, bai Usurbilgo herriarentzat bai Gipuzkoarentzat, ziurgabetasunez betetako garai hauetan, gainera.

Zapategiko garapen industriala ez da atzo goizeko proiektua: orain arteko ibilbidea luzea, zaila, konplexua eta bihurgunez betetakoa izan da. 2018ko urriaren 17an sinatu zuten Gureak-ek, Elkar Fundazioak, Michelinek eta Usurbilgo Udalak lehen hirigintza-hitzarmena, proiektu ekonomiko honi bide ematen ziona. Hitzarmen hartan, oinarrizko hirigintza zehaztapenak jasotzen ziren, gerora etorriko zen Arauen Aldaketa Puntualean garatuko zirenak. Horretan ari ginela egin zuen eztanda Covidak, eta Elkarrek proiektuarekin aurrera ez egitea erabaki zuen, testuinguru latz hark behartuta.

Elkarren erabakiak kinka larrian utzi zuen proiektua. Kolpea latza izan zen. Hala ere, urtebeteko epean eta egoera sozioekonomiko zail horretan gai izan ginen egoerari buelta emateko, proiektu industrialari eutsi eta beste hirigintza hitzarmen bat lortzeko, bidelagun berriekin. Bigarren saiakera horretan Balfer Norte SL enpresa batu zen proiektura. Balfer inbertsore edo promotore bat da. Hala, partzelaren erdia Gureak-entzat izango zen eta beste erdia garatzea Balferri zegokiola adostu zen. 2021eko irailaren 14an aurkeztu genuen hitzarmen hura.

Garapen fasean sartu ahala, ordea, beste kolpe latz bat jaso zuen proiektuak: Balferrek aurrera ez egitea erabaki zuen, bere egoera ekonomikoaren ondorioz. Ez ziren hilabete errazak izan, hortaz, handik aurrerakoak.

Egoera latza eta zaila izan arren, Gureak-ek aurrera egiteko apustua eta ausardia izan zuen, eta partzela osoaren jabe bakar bihurtzea erabaki zuen, Usurbilen inbertsio handia eginez. Michelini partzela osoa erosi zion, eta prozesu administratibo osoa gauzatu du. Luze joan da, baina prozesu hori amaitu da, eta gutxi barru hasiko dira eremua urbanizatzeko obrak. Hirigintza aprobetxamendutik eratorritako 860.000 euro ere ordaindu dizkio dagoeneko Gureak-ek Usurbilgo Udalari.

Eskerrak eman nahi dizkiot Gureak-i, Usurbilen geratzeko egindako ahaleginagatik, jakin badakidalako bazituztela beste aukera batzuk, eta gure herria lehenetsi izana badelako pozgarria, dudarik gabe. Proiektu honek ondorio ezinhobeak ekarriko dizkio Usurbilgo herriari: batetik, inguru degradatu bat oso modu duinean eraberrituko da, hirigintza moderno eta jasangarriaren irizpideak aplikatuz, eta ohiko errazkerietatik ihes eginez; eta, bestetik, erabilera industrialerako izango da partzela osoa, herrian jarduera ekonomiko berriak ezartzea ekarriko duena, lehenengo fase batean 190 lanpostu inguru birkolokatuz. Ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren garaiotan, albiste bikaina, beraz.