Albisteak
Atzealdea

Zapategiko eremua garatzeko arauen aldaketak behin-behineko onespena jaso du, aho batez

Udalbatzaren oniritzia jasota, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako Batzordera bidaliko dute: aldeko txostena iritsiko balitz, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dute zuzenean, behin-betiko onarpena eman diezaion.

2022·11·25


Usurbilgo Udalak Gureak-ekin, Balferrekin eta Michelinekin lortutako hitzarmenak beste urrats bat gehiago egin du, prozedura administratiboari dagokionez: arauen aldaketak udalbatzaren behin-behineko onespena jaso du, aho batez. Zapategiko eremua industrialki garatzeko arauen aldaketaren dokumentuari onespena eman zion udalbatzak 2022ko martxoko osoko bilkuran: ordutik, jendaurrean egon da eta eskumena duten gainerako erakundeei txosten sektorialak eskatu zaizkie. Guztiak jaso ditu udalak.

Txosten sektorialen artean, URA-k eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak aldaketa batzuk egitea eskatu zuten. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaroko osoko bilkuran azaldu duenez, ez dira aldaketa esanguratsuak: guztiak sartu dituzte, eta erakunde guztien aldeko txostenarekin eraman dute dokumentua osoko bilkurara.

Udalbatzak arauen aldaketa puntualari behin-behineko onarpena emanda, hurrengo urratsa izango da Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako Batzordera bidaltzea. Han aldeko txostena jasoko balu, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dute dokumentua zuzenean, hari baitagokio behin-betiko onarpena ematea.