Eduki publikatzailea
2021·07·21
Zapategi eremuko proiektuak aurrera egingo duela iragarri du udal-gobernuak, uztaileko ezohiko osoko bilkuran: Gureak-ek bertan egingo du egoitza berria, eta Balfer enpresa izango du Zapategi garatzeko bidelagun. Hitzarmen berri bat sinatzea eskatzen du horrek, eta, aurreikuspenen arabera, irailean izango da hori: udalak, Gureak-ek, Balferrek eta Michelinek izenpetuko dute akordioa.
Hasieran, Gureak eta Elkar ziren Zapategi garatzekoak. Izatez, lanean hasteko gutxi falta zutenean egin zuen eztandak Covid19ak, eta horrek erabat aldatu zuen panorama. Osasun krisiak eremu guztietan izan ditu ondorioak, baita kulturan ere. Hala azaldu zuen argitaletxeak berak erabakiaren berri ematean: inbertsio handia egin behar zuten Zapategin, baina osasun krisiak eragindako kolpeak proiektutik ateratzera behartu zituen, euren beharrak inbertsio txikiago bat eginez asetzera behartuta.
Horrek Zapategiren etorkizuna kolokan jarri zuen. Izan ere, Gureak -ek beste aukera batzuk izan ditu eskura, egoitza berria Donostiako Eskuzaitzeta poligonoan jartzea kasu. Azkenean, ekainaren hondarrean egindako administrazio kontseiluan, Zapategiko egoitzari eustea erabaki zuen Gureak -ek. Zapategi garatzeko bidelagun bat topatu izana da arrazoietako bat: Balfer enpresa sustatzailea izango du bidelagun proiektu berrian. Zapategiren beste erdia garatuko du Balferrek, ondoren, eremu hori sustatzeko.
Udal-gobernuaren esanetan, proiektua egoera berrira egokitu behar da orain, eraikigarritasun eta erabilera berriak ezartzeko. Aurrez egindako lan askok egoera berrirako balio badute ere, prozedurarekin berriz hasi behar dela azaldu dute. “Azeleragailua sakatu, eta iraileko plenora lau erakundeon arteko hitzarmena ekartzea da helburua, horrela hasi ahal izango baitugu arau aldaketarekin lanean”.
Elkarren erabakia “kolpe gogorra” izan zen, udal-gobernuaren esanetan, bai argitaletxearentzat berarentzat, Zapategiko proiektu sozialarentzat, Usurbilentzat eta baita Gipuzkoarentzat ere. Hiru erakundeen arteko elkarlanari eutsi diote, hala ere, Gureak Usurbilen gelditu eta Zapategirentzat irtenbide bat topatzeko.
Zapategirako bidelagun berria topatu izana, beraz, albiste ona da, udal-gobernuaren esanetan. “Albiste ona da Usurbilgo herriarentzat, jarduera ekonomiko berriak eta, beraz, lanpostuak erakarri ditugulako eta eremu degradatu bati hirigintza irtenbide bat emango diogulako”. Proiektua aurrera ateratzeko izandako elkarlana nabarmendu du udal-gobernuak: “Udal honek malgutasunez jokatu du, denok jarri dugu gure alea hau aurrera ateratzeko, eta, azkenean, emaitza bistakoa da: aurrera atera dugu”.