Eduki publikatzailea

Atzealdea Zaintzaile profesional zein afektiboentzako saio bana eskainiko da, datorren astean

75 urtetik gorako herritarrei gutun bana bidali die udalak, zaintzaile profesional zein afektiboentzako saioen berri emateko: urtarrilaren 26an izango dira.

2026·01·19


Udalak gutun bana bidali die 75 urtetik gorako herritarrei, zaintzaile profesional zein afektiboentzako antolatutako saioen berri emateko. Udalak, Usurbil herri zaintzailea izateko norabidean, zaintza behar dutenen eta haien zaintzaile profesional zein afektiboen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko formakuntza eta akonpainamendu proposamena egin zuen iaz, eta, horren barruan, saio bana eskainiko du, urtarrilaren 26an, bi kolektibo horientzat. Parte hartzeko interesa dutenek Gizarte Zerbitzuekin jarri behar dute harremanetan, 943 37 71 10 telefonora deituta edo gizarte-zerbitzuak@usurbil.eus helbidera deituta.

Gutunak 75 urtetik gora dituzten herritar guztiei bidali zaizkie: guztira, 600 inguru. Haien izenean joan arren, gutunen edukia zaintzaileei zuzendua da: zenbait kasutan, hartzailea bera zaintzailea izan daiteke, eta ez den kasuetan, etxean edo inguruan izan ditzakeen zaintzaile profesional zein afektiboari mezua helarazteko laguntza eskatzen zaie.

Zaintzaile profesionalen kasuan, 15:00etatik 17:00etarako saioa izango da, Potxoenean. Lehenengo, bisita gidatu bat egingo zaie, herria beste modu batera ezagutzeko, eta, horren ostean, solasaldia, zaintzen dituzten pertsonak bakardadetik eta isolamendutik aldentzeko herrian dauden jardueren berri emateko. Zaintzaile profesionalek herria ezagutzearen garrantziaz ere hitz egingo dute, baita pertsona bakoitzaren Bizi Plana oinarri izatearenaz ere.

Zaintzaile afektiboen hitzordua Egurtzegin egin dute, 17:30etik 19:00etara, igogailura doan pasabidearen hasieran. Zaintzadun etxebizitzak eta bizi osorako etxebizitzak ezagutzeko bisita egingo dute, zaintzaren inguruan herrian egindako lanaren eta Bizi Planen inguruko azalpenak ematearekin batera. Gutunean adierazi dutenez, halako saio gehiago egiteko asmoa dute Gizarte Zerbitzuek, herriko beste baliabide batzuk ezagutarazteko (Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Egurtzegiko Eguneko Zentroa edo Artzabalgo Eguneko Arreta).