Eduki publikatzailea
Atzealdea Zaintza, hondakinen kudeaketa eta elizako kultur ondarea, 650 Usurbil Biziren eskaintza berriaren oinarrian
2024·06·13
650 Usurbil Bizi turismo proiektuak eskaintza berria aurkeztu du: zaintza eredua, hondakinen kudeaketa eta Salbatore elizako kultur ondarea ezagutarazteko bisitak egingo dituzte, aurrerantzean. Prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, data berriak lotuta daude, eta 650 Usurbil Biziren webgunean kontsulta daitezke dagoeneko. Horrez gain, proiektuaren orain arteko ibilbidearen balantzea egin dute, eta pozik azaldu dira.
Orain arte, 650 Usurbil Bizi proiektuaren bidez, kaleko artelanak erakusten dituen Usurbil Museo Irekia izeneko bisita gidatua eskaini izan da. Prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, hemendik aurrera beste hiru bisita gidatu eskainiko dira: zero zabor, zaintza eta elizako kultur ondarearena. Zero Zabor bisiten bidez, partaideek Usurbilgo hondakinen kudeaketa ezagutzeko aukera izango dute; zaintzaren bisiten bidez, Usurbilgo zaintza ereduaren edukiak ezagutuko dituzte, baita Txirikorda eta Egurtzegi ere; elizako bisitetan, organoa, erlojua, kanpandorrea zein eraikina bera ezagutuko dituzte.
Izatez, udalak hainbatetan egin izan ditu hondakinen eta zaintzaren inguruko bisitak, eskaerak iritsi ahala. Ines Azpiazu 650 Usurbil Biziren dinamizatzaileak azaldu duenez, hemendik aurrera, bisita horiek hilean behin eskainiko dira, eta 650 Usurbil Biziren webgunearen bitartez erreserbatu beharko dira: hilabeteko azken ostegunetan zero zabor bisita eta azken ostiraletan zaintzarena. Batik bat, taldeek eskatu ohi dituzte, askotariko instituzio edo elkarteetako kideek. Talderen batek behar bereziren bat izatekotan, gainera, euren beharretara moldatzeko aukera dago. Azaldu dutenez, aurrerantzean norbanakoek ere eman ahal izango dute izena bisita horietan parte hartzeko.
Prentsaurrekoan gogoratu dutenez, Usurbil 1936 elkarteak oroimen historikoari lotutako ibilbidea osatu du Andatzan: hainbat panel eta QR kode jarri dituzte, eta nork bere kabuz egin dezake. Udala eta elkartea elkarlanean aritu dira lan horiek egin ahal izateko.
Horrez gain, bisita bereziak antolatzen jarraituko dute, noizean behin. Esaterako, Zumeta Arte Estudioa ezagutzeko aukera eskainita. Aurten, adibidez, Eduardo Chillidaren mendeurrena dela eta, zenbait bisita berezi eskaini dira, eta beste data baten berri eman dute prentsaurrekoan: Usurbilgo Museo Irekia eta Chillida Leku batuko dituzte, bisita gidatuan, ekainaren 23an. Bezperan, ekainaren 22an, elizako kultur ondarea ezagutzeko lehenengo bisita egingo dute, eta Joan Luis Atxegak organo erakustaldia egingo du. Horrez gain, Zumeta Arte Estudioa ezagutzeko data berri bat ere jarri dute, uztailaren 7an. Bisiten egutegi eguneratua 650 Usurbil Biziren webgunean aurki daiteke, eta azaldu dute taldeko bisitak ere eska daitezkeela, turismoa@650usurbilbizi.eus -era idatzita.
Prentsaurrekoan gogorarazi dutenez, nork bere kabuz egin ditzake bisita gidatuak 650 Usurbil Biziren smartphoneetarako aplikazioaren bitartez, eta erreserbak egiteko aukera ere ematen du.
Lehenengo urtearen balantze “ezin hobea”
Iratxe Begiristain zinegotziak nabarmendu duenez, 650 Usurbil Bizirena “ohiko eskaintza turistikotik bereiziko den zerbait bilatzen duten bisitarientzat” eginiko eskaintza da. “Uste dugu turismoa mundu hobe baten aldeko tresna eraldatzailea izan daitekeela. Turismoak albo-kalte eta zalantza ugari sortzen ditu, baina sinistuta gaude bestelako baloreak zabaltzeko, gauzak egiteko modu berritzaileak erakusteko eta gizarte eredu berri bat proiektatzeko erakusleihoa izan daitekeela”.
650 Usurbil Biziren balantzea egin du. Turismo eredu propio bat garatzeko proiektua 2022ko urrian aurkeztu zen, Usurbilen identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza proposatuz. “Eskaintza hori egin nahi diogu Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko edonori: turismo identitario, eraldatzaile eta aktiboa sustatu nahi dugu, egungo turismo estandarretatik at”, nabarmendu du Begiristainek.
Azken urtean, nagusiki, Usurbilek euskal kultura eta artearekin duen harremana eta lotura erakutsi da Usurbil Museo Irekia bisitaren bidez, eta Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urteurrenaren harira antolatutako egitarauaren bidez. “Egitarau mardula izan da, oso: era guztietako ekimenak antolatu dira, eta izan dugun bisitari kopurua oso handia izan da”, azaldu du Begiristainek. Iaz eta aurten egindako bi erakusketak kontuan izanda, 3.000 pertsona inguru etorri dira Usurbila.
Era askotako bisita gidatuak eskaini dira, muralaren kontserbazio lanei lotuta, erakusketekin lotuta, Xumetik herri jaialdiari lotuta, Zumeta Arte Estudioarekin edo Chillida Lekurekin lotuta. Guztira, 60 bisita gidatu eskaini dira, eta 468 lagunek parte hartu dute horietan. Talde-bisitak ere antolatu dira, eta horietan adin ezberdinetako 213 pertsonak parte hartu dute. Hala, batetik edo bestetik, azken urtean 700 pertsona inguru gerturatu dira Usurbil Museo Irekiaren eskaintza ezagutzera. Nagusiki, Gipuzkoatik etorri dira bisitariak, eta baten batzuk Bizkaitik eta Nafarroatik ere etorri dira. “Beraz, lehen urtebete honen balorazio ezin hobea egiten dugu: uste dugu proiektuak harrera bikaina izan duela, bai usurbildarren aldetik, bai kanpokoen aldetik ere”, Begiristainen esanetan.