Zaintza eredu berria ezartzeko urratsak aurkezteko saioa, martxoaren 29an
2023·03·07
Azken bi urteetan, udalak, hainbat herritarrek eta eragilek, elkarlanean, zaintza eredu berri bat sortu dute Usurbilerako: eredu berri horretara jauzia egiteko garaia iritsi da, eta horretarako hartu beharreko neurriak bide orri batean jaso dituzte. Hain zuzen ere, bide orri horretan jasotakoak aurkezteko saio irekia egingo dute, martxoaren 29an, Artzabalen, 18:00etan.
Parte-hartze prozesuak bi fase izan ditu. Lehenengoan, 2021ean, zaintza ereduen inguruko hausnarketa eta diagnostikoa egin zen, hau da, egungo zaintza eredua aztertu eta zer mantendu eta zer aldatu nahiko luketen pentsatu zuten. Hausnarketa hori modu kolektiboan egin zen, zaintzaren ertz guztien ordezkaritza bermatuta, gaiari ikuspegi integral batetik erantzuteko helburuarekin: zaintza jasotzen dutenak, familiako zaintzaileak, zaintzaile profesionalak, komunitatea, zaintza zerbitzuak, udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Osakidetza. Gaur egungo eredua birformulatu, eta zaintza behar duen pertsonaren desioak errespetatu eta bere bizi-proiektua gauzatzen jarraitu ahal izatea da eredu berriaren helburua. Hau da, pertsona ardatz duen arreta da eredu berriaren norabidea.
2022an, bigarren fasean, hainbat lantalde sortu zituzten, nork bere lanketa egiteko, gainerakoekin koordinatzearekin batera: erabiltzaileak edo zaintzak behar dituzten pertsonak, gizarte zerbitzuak, komunitatea, zaintza zerbitzuak eta talde estrategikoa. Zaintza eraldatzeko ekarpenak egin zituzten taldeok, nork bere eremutik, eta hala, eredu berrira trantsizioa egiteko neurriak adostu eta bide orri batean jaso zituzten.
Bi urteotan landutako edukiak Zaintza Azokaren bidez ezagutarazi zituzten 2022ko azaroaren 19an, eta bideo bat egin dute egun horretako edukiak laburtzeko. Aurten, 2023an, denen artean adostutako bide orria martxan jarriko dute, eta bertan jasotakoak aurkeztuko dituzte martxoaren 29ko aurkezpenean.