Eduki publikatzailea

Atzealdea Zaintza-eredu berri bat kolektiboki eraikitzeko urratsa egingo dute udalak eta Matiak

Zaintza eredu berria erakundeek, zaintzaren sektoreak eta komunitateko eragileek elkarlanean eraikitzea dute asmo, gizarte-zaintzaren kultura konpartitua lantzearekin batera.

2021·04·15


Usurbilgo Udalak eta Matia Fundazioak zaintza ereduari buruzko parte-hartze prozesu bat abiatuko dute. Prozesu horretan erakundeek, zaintzaren sektoreak eta komunitateko eragileek parte hartzea aurreikusi dute, zaintzaren eredu berri hori kolektiboki eraikitzeko asmoz: horrek ezinbestean eragingo du gizarte-zaintzaren kultura konpartitua lantzea. Halaxe azaldu dute bi erakundeetako ordezkariek gaur emandako prentsaurrekoan: Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eta Matiako kide Ainara Tomasena eta Erkuden Aldazek. Zenbait bilera egin dituzte dagoeneko herriko hainbat eragile eta norbanakorekin, parte-hartze prozesuaren nondik norakoen berri eman eta haien inplikazioa lortzeko.

Solaberrietak azaldu duenez, hainbat dira udalak halako parte-hartze prozesu bati ekitea erabakitzeko arrazoiak. Batetik, urte luzeetan udalak eta Matiak izandako elkarlana dago, Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunearen proiektuarekin areagotu dena. “Proiektu berritzailea eta aitzindaria da Euskal Herrian, bai alderdi sozialetik bai hirigintza arlotik, izan ere, Matiak adineko pertsonei zuzendutako arreta-eredu berri bat praktikan jarriko du, halabeharrez hara joan behar izan duen pertsona etxean bezala senti dadin lortzeko”. Proiektu horren harira bi erakundeak lantzen ari diren hitzarmen soziala gogoratu du alkateak, “pertsona ardatz duen arreta-ereduaren eta zainketen ikuspegi komunitarioa barnebilduko dituena”.

Bestetik, Emaginek eskualdeko berdintasun teknikarien eskariz egindako Beterri Buruntzako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintza plana aipatu du Solaberrietak. Haren esanetan, parte-hartze prozesuari heltzeko “ezinbesteko oinarria” finkatu du lan horrek: “Izan ere, zaintzaren gaiari ekonomia feministaren oinarrietatik heltzen dio, begirada feminista eta antiarrazistatik, eta zaintza-erregimenari buruzko argazki zehatza eskaintzen digu”.

Horrez gain, 2020ko udaberrian Covid19-ak eragindako osasun krisiak eta egungo testuinguruak “berretsi baino ez du egin” prozesu hau egiteko beharra, alkatearen esanetan. “Ispiluaren aurrean jarri gaitu, biluzi, gure krisiak azalarazi ditu, gure miseriak, hauskortasunak eta sistema honen zelofanak. Inoiz baino gehiago ikusi dugu zaintzaren eta elkar-zaintzaren garrantzia, zaintzak direla gainerako guztia gelditu den bitartean gelditu ezin izan den hori”. Zaintzaren garrantzia ez ezik, egungo eredua aldatzeko beharra agerian utzi du Covid19-ak: “Ikusi dugu zer nolako desoreka dagoen herritarren zaintzarako beharren eta zaintzeko baliabideen artean, eta ikusi dugu horren kaltea emakumeok ordaintzen dugula, izan etxean, izan eremu pribatuan, izan eremu publikoan. Ikusi dugu zein gogor kolpatu dituen adinekoen egoitzak, eta, ondorioz, eredua aldatzeko premia are gehiago azalarazi du”.

Zaintza lanak demokratizatzeko beharrezkoa izango da zaintzak eta etxeko lanek “izaera pribatua, merkantila, femeninoa eta prekarioa izateari uztea, baita migrazio prozesuen menpeko izateari ere. Ikusgarri egin behar dira, eta aitortza politiko, soziala eta ekonomikoa eman behar zaie”, Solaberrietaren esanetan. Zaintza lanak sozializatu eta kolektibizatu behar direla nabarmendu du, familiaren eta emakumeen ardura esklusiboa izateari utzi, eta gizartea osatzen duten erakunde, eragile eta pertsona ororen ardura izatera pasatu.

Bokazio horrekin abiatuko dute parte-hartze prozesua. “Jakitun gara nekez eragingo dugula lan-merkatuan, baina arlo komunitario eta administratiboan eragingo duen eredu berri bat eraiki eta martxan jarri nahi dugu, justizia sozialean eta ongizate komunitarioan oinarritutakoa”. Zaintza eremu “oso zabala” dela eta, lehenik eta behin zaintza definitzea beharrezko ikusten du udalak: “Zaintza ez da soilik gaixotzen edo gure bizitzaren hastapen zein bukaeran behar dugun zerbait, gure bizitza osoan behar baitugu zainduak izateko beharra. Galdera da: usurbildarrok nola zaindu nahi dugu? Nola zainduak izan nahi dugu? Zein konpromiso hartuko ditugu horretarako norbanako, komunitate eta erakunde gisa?”.

Matia Fundazioak esperientzia sendoa du iraupen luzeko zainketen inguruan, “pertsonen nahiekin bat datorren eta, aldi berean, denboran jasangarria den zaintza eredu baten definizioan”, Erkuden Aldazek azaldu duenez. Haren esanetan, arreta “nahitaez” etxeetan eta komunitatean jartzea dakar horren aldeko apustua egiteak, zaintza era egokian eman dadin, eta hori ezinezkoa denean, ahal den neurrian, zaintza etxean bezala izan dadin. “Herritarrak zaintzen dituen herriaren eraketa da, gure ustez, zentzu guztietan zaintza eredu jasangarri baten eraketarako bidea”. Bultzatu eta garatu dituzten bi proiektu jarri ditu adibide gisa: Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako Etxean Ondo eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin egindako Etxean Bizi proiektuak.

Proiektu horien abiapuntua pertsona ardatz duen arreta eredua da, Aldazen esanetan, pertsona bakoitzak aukeratu eta norberaren bizitzaren kontrola izateko eskubideetan oinarrituta. “Horrek pertsona bere osotasunean ikustea dakar: bere gaitasunak abiapuntutzat hartu, eta beharretatik harago, pertsonen ongizaterako eta zentzuzkoa zaien bizitza bizitzeko garrantzitsuak diren aldagaiak kontuan hartuta, beraien autodeterminazioa sustatu eta duintasuna bermatuz”.

Hori oinarri hartuta, zaintza ekosistema baten eraketara bidean, kontuan izan behar diren zenbait gako azaldu ditu:

  • Erantzunkidetasuna. Zaintzari dagokionean denok erantzule garela barneratu behar dugu. Zaintzaren erantzukizuna kolektiboa da: erakunde publikoena, gizarte ekimenarena eta mugimendu komunitario eta elkarteena, besteak beste.
  • Parte-hartzea. Herritarrak dira herriarentzat nahi duten zaintza ereduaren definizioan protagonistak, eta, beraz, hartuko diren erabakietan parte-hartze erreala behar lukete izan. Zaintza ekosistema baten eraketan, ekosistemako eragile guztien parte-hartzea beharrezkoa da, iraupen luzeko zainketetan pertsona bakoitzak behar duen laguntza bermatzeko; prebentzio ekintzetatik abiatuta bizitzaren azken uneetan zaintza integral eta koordinaturaino.
  • Zeharkakotasuna. Zaintza beharrean dauden eta hauen zaintzaileetatik hasi eta gizarte-sektore eta ezagutza-alor ezberdinak beharrezkoak dira, bakoitzak bere esperientzia eta ezagutzatik, zainduak diren pertsonen eta zaintza burutzen dutenentzat erantzun integral eta koordinatuak eman eta testuinguru seguru eta duin batzuk sortu ahal izateko. Osasun eta gizarte zerbitzuen arteko harremana sustatzea, zerbitzu berriak definitzea, daudenak malgutu eta eraldatzea, zerbitzu ezberdinen erabilera koordinatzea eta abar beharrezkoak izango dira, eta baita ekosistema osoari zuzenduriko sentsibilizazioa eta honen guztiaren artikulazioan egongo diren profesionalen ahalduntzea.

Parte-hartze prozesuaren metodologia

Ainara Tomasenaren esanetan, proiektuan bi fase bereizi dituzte. Lehenengoan, zaintza eredu berria denen artean diseinatzea, eta bigarrenean, eredu hori herrian txertatzeko ibilbide-orria zehaztu eta gauzatzen hastea. Lehenengo, prozesua gauzatzeko, talde eragile bat eratuko dute. Bertan parte hartuko dute laguntza beharrean dauden pertsonek eta euren zaintzaileek zein zainketen arloan funtsezkotzat jotzen diren eragile komunitarioek, sentsibilitate desberdineko pertsonak uztartzeko asmotan. Talde hori izango da proiektuaren motorra, nola garatuko den zehaztuko duena: talde horren lehenengo bilera maiatzean egitea aurreikusi dute. Talde eragileaz gain, beste foro parte-hartzaile batzuk ere jarriko dituzte martxan, gainerako eragile eta herritarrek euren ekarpenak egin ditzaten.

Egungo zaintza sistema nolakoa den aztertzetik hasi eta Usurbilen nolako zaintza eredua nahi duten irudikatuko dute hurrengo hilabeteetan. Asmoa da urte amaierarako eredu berri hori definituta izatea, eta, 2022an, pixkanaka, aldaketak egiten hastea.

Solaberrietak, amaitzeko, herritarrak gonbidatu ditu datorren asteko Elhuyar Solasaldietara, saio hori zaintzaren ingurukoa izango baita. Matiako kide Mayte Sanchok eta Emagin elkarteko Miren Arangurenek hitz egingo dute bertan; Sanchok iraupen luzeko zaintzaren inguruan, eta Arangurenek Beterri Buruntzako zaintza erregimenaren inguruan. Apirilaren 21ean izango da, 18:30ean, Sutegin. Bertatik bertara jarraitzeko izena eman behar da usurbilkultura.eus atarian, eta streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da plataforman bertan.