Eduki publikatzailea

Atzealdea Zaintza berdintasunean: Martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionala onartu dute, aho batez

Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea eta tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa ematea onartu dute, besteak beste, Martxoaren 8ko adierazpenaren bidez.

2021·02·26


Martxoaren 8a gerturatzen ari den honetan, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak proposatutako adierazpen instituzionala onartu dute, aho batez, otsaileko osoko bilkuran. Udalak, bere eskumenen esparruan, ondoko konpromisoak hartzea erabaki dute:

  • Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea eta eztabaida horretan buru izatea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.
  • Analisia egitea, genero-ikuspuntutik, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei buruz, baita COVID-19aren ondorioei buruz ere, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea.
  • COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero-ikuspuntua gehitzen dela bermatzea, laguntzez eta babes-programez den bezainbatean.
  • Konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz edo/eta erraztuz, bai ematen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat ere.
  • Udalen Berdintasun-plangintzetan, espresuki azpimarratzea emakumeen ahalduntzea, zaintzaren balioa, eta hari dagokionez gizonek duten erantzunkidetasuna.
  • Berdintasuneko tokiko politikak garatzeko eta generoa tokiko politika guztietan zehar-lerroa izateko erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak sendotzea eta babestea.
  • Tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa ematea.

Adierazpena, osorik.