Zaintza Azoka egingo dute, azaroaren 19an, ‘Pertsonak ardatz, zaintzak eraldatzen’ lelopean
2022·10·25
Zaintza eredu berri bat osatzeko parte-hartze prozesuan landutakoak ezagutarazteko Zaintza Azoka egingo dute, Pertsonak ardatz, zaintzak eraldatzen! Lelopean: Usurbilgo Udalak eta Matia Fundazioak antolatu dute, elkarlanean, eta azaroaren 19an izango da, Sutegin eta Potxoenean. Antolaketa lanak errazteko, bertan parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, udalaren webgunean jarritako formularioa beteta edo udaleko Gizarte Zerbitzuetara deituta (943 37 71 10).
Parte-hartze prozesua bigarren fasean dago, egun: lehen fasean adostutako zaintza ekosistema oinarri, egungo eredua zertan eraldatu behar den definitu eta ekosistema berriaren edo eraldaketaren inplementaziorako bide orria prestatzen ari dira, lau lantalde berezituetan (komunitatea, zerbitzuak, pertsona erabiltzaileak eta gizarte zerbitzuak). Bertan lantzen ari direnak herritarrekin eta zaintzaren eremuan lanean ari diren guztiekin konpartitzea “ezinbestekoa” da, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez: “Usurbilgo Zaintza Ekosistema zer den, nortzuk osatzen dugun, bakoitzaren zeregina zein den eta ekosistema berri horren barruan emango ditugun urratsak zeintzuk diren azalduko ditugu”.
Bi urtez lanean
2021ean hasi zuen udalak zaintzaren inguruko parte-hartze prozesua. Tokiko zaintza ekosistema berri bat diseinatzeko lanei ekin zioten, modu kolektiboan, erakundeek, zaintzaren sektoreak eta komunitateko eragileek elkarlanean. “XXI. Mendeko gizarte honek duen erronka nagusietako bat da zaintzarena: ekintza politikoa eta politika publiko feminista ausartak behar ditugu, zaintza eredu publiko-komunitario berri batera bidea egiten hasteko”. Solaberrietak aitortu duenez, “nekez” eragingo dute lan-merkatuan, baina “justizia sozialean eta ongizate komunitarioan” oinarritutako eredu berri bat eraiki eta martxan jarri nahi dute, arlo komunitarioan eta administratiboan eragingo duena.
Solaberrietak azaldu duenez, Usurbilen eraiki nahi duten zaintza eredu berriaren helburuetako bat da “pertsona bakoitzaren lehentasunei, nahiei eta erabakiei erantzungo dien zaintza-arreta ereduak bermatzea, iraupen luzeko zaintza-prozesuen jarraikortasuna bermatuz, pertsonen bizi-proiektuetan hausturarik eragin gabe eta bizitza duinak ahalbidetuz”. Alkatearen esanetan, Covid19-ak eragindako osasun krisiaren bidez, hainbat gai azaleratu dira. Besteak beste, egungo sistemak zaintza sostengatzeko dituen arazoak agerian gelditu dira, eta, horrekin batera, adinekoak eta, oro har, zaintza behar duten pertsonak are gehiago zokoratu dituzte, “ahul eta menpeko, zer nahi duten eta zer behar duten esateko gauza ez balira bezala tratatu dituzte”.
Hori dela eta, 2021ean parte-hartze prozesua abiatu zutenetik zaintzari “ikuspegi integralarekin” landu dute, zaintzaren ertz guztiak barnebiltzeko helburuarekin. Hala, prozesuan parte hartzen ari dira Usurbilen zaintza-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetako ordezkariak, zaintzaile profesionalak, etxeetan zaintza-lanetan aritzen diren langileak, zaintzaile familiarrak, zaintza behar duten herritarrak, komunitatearen ordezkariak, mugimendu feminista eta erakundeetako ordezkariak (Osakidetza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, kasu).
Lehenengo fasean, zaintzaren inguruko hausnarketa sakon bat egin zuten, talde eragileak gidatuta, Solaberrietak gogoratu duenez: “Zaintza zer den, nola zainduak izan nahi dugun eta nola zaindu nahi dugun, Usurbilgo zerbitzuen mapaketa bat egin eta Usurbilgo zaintza ekosistema irudikatu dugu”. Zaintza ekosistema horrek gako edo ertz asko ditu, haren esanetan, “pixkanaka” landu beharko direnak, besteak beste: pertsonaren nahi eta desioetan oinarrituta, beren bizi-proiektuan hausturarik ez eragitea eta zaintzak ematea zerbitzuen integraltasunetik; lotura afektiboagatik zaintzen dutenen zaintza; eredu berria ez dadila izan herrikide ditugun pertsona migratu eta arrazializatuen eskubideen kaltetan; zaintzaile profesionalen lan-baldintza duinak bermatzea; erantzunkidetasuna; komunitate osoaren inplikazioa; eragileen arteko koordinazioa eta erakundeen konpetentzia hesiak gainditzea.
Zaintza azoka: egitaraua
Harrera (10:00-10:30).
Harrera gunea Sutegin izango da: ongi-etorria eman eta Usurbilgo Zaintza Ekosistemaren eraikuntzan parte-hartzeko materiala banatuko dugu.
Mahai ingurua: Zer da Usurbilgo zaintza ekosistema? (10:30-11:30).
2020. urtetik Usurbilen herritarren parte -hartzearekin eraikitzen ari garen Zaintza Ekosistema ereduaz eztabaidatuko dugu. Prozesuan lanean buru-belarri ari diren zenbait herritarrek parte hartuko dute eta euren bizipenak azalduko dituzte. Zaintzak behar dituzten pertsona erabiltzaileak, zaintzaile profesionalak, gizarte zerbitzuetako langileak, Usurbilgo komunitateko partaideak, Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak eta udal ordezkariak izango ditugu, mahai baten bueltan, zaintza ereduaren aldaketez hizketan.
Bizipen tailerrak (11:30-13:00), Potxoenean.
Usurbilerako Zaintza Ekosistema eredu propioa eraikitzeko, lau lantalde sortu genituen parte-hartze prozesuaren bigarren fasean: (1) zerbitzuak (enpresetako ordezkariak, langile profesionalak zein etxeetan lanean ari direnak); (2) erabiltzaileak (zaintza behar dutenak eta haien senideak); (3) gizarte zerbitzuen lantaldea eta (4) komunitatea edo herritarrak. Bakoitzak bere arloari dagozkion gaiak espresuki lantzea izan zen helburua: azokan bertan bakoitzaren esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu, bizipen tailerren bidez.
- Komunitatea. Auzo-Zaintza sare publiko-komunitarioaren aukerak mahai gaineratuko ditugu, formatu irekian. Ostean, auzo mailako zaintza sareen aukeren eta erronken inguruko tailer bat egingo dugu.
- Zerbitzuak. Egun Usurbilek dituen zaintza-zerbitzuetako zaintzaile profesionalen bizipenez eztabaidatuko dugu, era irekian. Nolakoa da egunerokotasuna eguneko zentroan? Eta zaharren egoitzan? Etxez etxeko udal zerbitzuetan? Zein erronka eta abagune antzematen dituzte? Eztabaida pizturik, zaintzak behar dituzten pertsonekin izan ohi ditugun mikro-adinkerien jabekuntza tailer praktikoa egingo dugu.
- Pertsona erabiltzaileak. Nolakoa da, egun, zaintza bereziak behar dituzten pertsonen egunerokoa? Zeintzuk dira haien bizipenak? Egungo zaintza sistemaren erabiltzaile diren pertsonen lekukotzak entzun ahal izango ditugu. Gero, guztion artean, horiei buruz hausnartu eta mahai gainean diren aterabideez hausnartuko dugu.
- Gizarte zerbitzuak. Zaintza komunitarioaz mintzo garenean, ezinbestekoa da gizarte zerbitzuek egun duten rolaren gaineko hausnarketa kolektiboa egitea. Nolakoa da euren errealitatea? Eguneroko erronka eta abaguneez eztabaidatuko dugu Usurbilgo gizarte langileekin batera. Tailerra galde-erantzunetan oinarrituko da, erantzunak elkarrekin bilatzeko ariketa izan dadin.
Txirikordara bisita (13:00-13:30).
Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa emantzipatu nahian ari diren gazteentzat eta bakardadeari ihes egin eta konpainian bizi nahi duten pertsona helduentzat da. Ez da ohiko etxebizitza: izan ere, elkarbizitzarako espazio berritzaileak eskaintzen ditu, bizi eredu komunitarioa sustatzeko. Halaber, bi kolektiboak elkar aberastu eta elkar zaintzeko espazioa izan nahi du.
Bisita gidatu honetan, proiektuaren erraiak ezagutu ahal izango ditugu bai eta eraikina bera barrutik ezagutu ere.
Zaintzadun etxebizitzetara bisita (13:00-13:30).
Usurbilgo zaintza ekosistemaren barruan Matia Fundazioa eraikitzen ari den Zaintzadun Etxebizitzen auzunea ezagutzeko aukera izango da bisita honetan. Bisita honetan ere proiektu berritzaile honen zertzelada nagusiak eskaintzeaz gain, eraikina barrutik ezagutzeko aukera paregabea izango da, proiektuaren arduradunen eskutik.
Itxiera ekitaldia eta luntxa (13:45-15:00).
Zaintza azoka ixteko, goizeko saioetako hausnarketak eta ondorioak laburbilduko ditu Beatriz Egizabalek. Ostean, luntx baten bueltan, elkarrizketarako eta hausnarketarako abagunea izango dugu Artzabalen.
Hitzaldi zikloa, ikasten jarraitzeko
Zaintza azokarekin batera, hitzaldi ziklo bat egingo dute. “Garrantzitsua iruditzen zaigu gure burua formatzen jarraitzea, feminismotik egiten diren proposamenak ezagutu eta geure egitea, ikasten jarraitzea, eraldaketarako bidean ezinbestekoa dugulako”, nabarmendu du Solaberrietak. Udalak zaintzaren parte-hartze prozesuan hasieratik aritu den Emagin elkartearekin batera antolatu du zikloa.
Emagineko kide Miren Arangurenek azaldu duenez, zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko “ezinbestekoa” da zaintza lanen garrantzia aitortzea eta agendaren erdigunean kokatzea. Haren esanetan, zaintza lanek hari asko dituzte, eta horietatik tira egiten ahaleginduko dira hitzaldi zikloaren bidez. “Garrantzitsua iruditzen zaigu zaintzak feminismotik nola definitzen diren aztertzea, Euskal Herrian etxeko langileek dituzten aldarrikapenak herriratzea, adineko emakumeek zaintzan betetzen duten papera berraztertzea, zaintzen duten herriak nolakoak irudikatzen ditugun partekatzea... Azken finean, Usurbilen ekosistema berri bat irudikatzeko eta gauzatzeko oinarriak ezagutzea, eta horien gainean elkarrekin hausnartzea”.
Hitzaldi zikloa: egitaraua
Azaroak 17. Mahai ingurua: “Zaintza lanen demokratizaziorantz: etxeko langileak borrokan”
- Matxalen Legarreta, EHUko irakaslea
- Txefi Roco, LABeko ordezkaria
- Maitelan kooperatiba
Abenduak 15. Mahai ingurua: “Zer dira zaintzen duten herriak? Egunerokotasuna erdigunean jartzeko hirigintza”
- Oihane Ruiz, arkitektoa
- Col·lectiu Punt 6
- Nora Erdozia, Usurbilgo Udaleko arkitektoa
Urtarrilak 27. Mahai ingurua: “Zaharrak gara eta libre”
- Miren Aranguren, Emagin Elkartea
- Mari Luz Esteban, EHU irakaslea
- Ruth Iturbide, NUPeko irakaslea
- Nerea Almazan, Matia Fundazioa