Eduki publikatzailea
Atzealdea Zabalik dago UEMAren Salto! udalekuetan izena emateko epea
2026·03·10

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk. Bi txanda izango dira: ekainaren 23tik uztailaren 1era, eta uztailaren 3tik 11ra, 2008 eta 2011 urteen artean jaiotakoentzat, eta txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua dago. Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Markina-Xemeindik Ondarroarako bidea egingo dute. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua. Martxoaren 31ra arte izango da izena emateko aukera.
Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin.
2026ko ibilbidea
|
Herria |
Lehenengo txanda |
Bigarren txanda |
|
Markina-Xemein |
Ekainaren 23tik 24ra |
Uztailaren 3tik 4ra |
|
Atxagarai aterpetxea |
Ekainaren 24tik 25era |
Uztailaren 4tik 5era |
|
Aulesti |
Ekainaren 25etik 27ra |
Uztailaren 5etik 7ra |
|
Berriatua |
Ekainaren 27tik 29ra |
Uztailaren 7tik 9ra |
|
Ondarroa |
Ekainaren 29tik uztailaren 1era |
Uztailaren 9tik 11ra |
Informazio guztia: labur.eus/salto2026
Izena emateko UEMAk horretarako prestatu duen galdetegira sartu eta datuak bete behar dira.

