Eduki publikatzailea

Atzealdea Xabat Beloki Segurolak zinegotzi kargua utzi du

Kargua uztearekin batera, zinegotzi berriaren kargua hartzeko izapideak egingo ditu udalak. Egindako lanak gogoratu, bideratutakoak nabarmendu eta esker oneko hitzekin utzi du kargua Belokik, ekaineko osoko bilkuran.

2026·06·26


Xabat Beloki Segurolak zinegotzi izateari utzi dio: hala jakinarazi du ekaineko osoko bilkuran. 2023-2027 legealdi hasieratik Kirol sailaz arduratu da Beloki: karguari uko eginda, zinegotzi berriak kargua hartzeko izapideak egingo ditu udalak, orain. Berri ematerakoan azaldu zuenez, kirolak aukera berri bat eskaini dio, eta horri heltzea erabaki du, zinegotzi gisa egindako etapa amaitutzat emanez.

Belokiren esanetan, kargua hartu zuenean “argi” izan zuen kirola ez zela soilik instalazioetara edo lehiaketara mugatzen. “Kirola herria egiteko modu bat da. Herritarrak elkartzeko modu bat. Bizitza osasungarriagoak eta komunitate sendoagoak eraikitzeko tresna bat”. Helburu horrekin egin du lan urteotan, nabarmendu duenez.

Agurrean, Belokik hainbat gairi erreparatu die. Batetik, 2023tik egindako bi lan hartu ditu gogoan: skate parkearen hobekuntza eta Usurbil Mugiment sarean txertatzea. Bestetik, bideratuta utzi dituen beste bi proiektu garrantzitsu ere nabarmendu ditu: padel pista eraikitzeko proiektu berrian aurrera egin izana eta herriko kirol egitura indartzeko eta etorkizuneko erronkei hobeto aurre egiteko kluben arteko lankidetza eta bateratze bidea inoiz baino sendoago utzi izana. Esker oneko hitzak ere izan zituen: herriko kirol klub eta taldeentzat, boluntarioentzat eta udal-langileentzat.

Udal-gobernuko zinegotziei urteotan emandako konfiantza eskertu zien: “Gure herriak aurrera egiten du zuek bezala beren denbora, energia eta ilusioa besteen zerbitzura jartzen duten pertsonei esker”. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak egiten duen lan isila ere goraipatu zuen: “Proiektu, bilera edo kudeaketa bakoitzaren atzean lanordu asko daude, askotan ikusten ez direnak. Zuk egiten duzun lan isil baina etengabe horrek gure udalerriaren aurrerapena eta ongizatea ahalbidetzen ditu, eta horregatik merezi du aitortza berezia”. Solaberrietak ere esker onak izan zituen taldekide duen Belokirentzat, “egindako lan ikaragarriagatik”, eta jiru urteko ibilbidean gobernu taldean zein udalean utzitako arrastoa nabarmendu ditu: “Ukoak emozio kontrajarriak eragin dizkigunik ezin uka: pena eta tristura taldea utziko duzulako, eta izugarrizko poza eta harrotasuna eskubaloiari lotutako jardunean pauso garrantzitsu bat ematera zoazelako”.

Belokiren agurra, osorik: hemen.