Eduki publikatzailea
Atzealdea Usurbiltzen jarraitzeko
2024·02·22
Nora joan badakienak, bidearen erdia egina du. Halaxe dio esaera zaharrak, eta, horregatik, aurreko legealdian egin bezala, beharrezko ikusi dugu, oraingo honetan ere, 2023-2027 agintaldirako bide-orria marraztea. Izan ere, egungo garai aldakor eta ezegonkor hauetan, nora jo nahi dugun argi izateaz gainera, ezinbestekoa da zer eta nola egin nahi dugun argi izatea.
Aurkeztu berri dugu 2023-2027 legealdirako plana, Usurbil eraldatzen jarraitzeko plana. Ez gara, ordea, orri zuri batetik abiatu. Nagusiki, hiru iturritatik edan dugu: 2023ko maiatzeko udal-hauteskundeetara aurkeztutako herri programatik, aurreko legealdian abiatutako prozesu eta onartutako plan estrategikoetatik, eta udal-langile eta hautetsi guztiek egin dituzten ekarpenetatik. Udazkenean udalean egindako barne prozesuan ernaldu da, hortaz, dokumentu hori.
Edonola ere, ez da inondik inora dokumentu itxi bat. Gure udal jarduna eta lana ordenatzeko bokazioa duen lan dokumentu ireki eta bizia da, eta ekarpenetara irekita dago. Orotara, 120 egitasmo berri proposatzen ditu, Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitzeko. Hitz batean, Usurbiltzen jarraitzeko. Horregatik, lan dokumentu bat den heinean, bada ere elkarlanerako gonbidapen bat: bidea elkarrekin, usurbildar guztiekin, egiteko gonbidapena.