Eduki publikatzailea

Usurbilgo udalak ke-isurketak geldiarazteko “premiazko neurriak” har ditzala eskatu dio Jaurlaritzari

Sailburuordeak onartu du gai honetan Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizuna, eta hitz eman du neurriak hartuko dituztela ez dadin kerik isuri behar bezala iragazi gabe.

2017·10·18


Astelehen honetan Usurbilgo Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuorde Elena Morenok bilera izan dute Gasteizen, Usurbilen dauden ke-isurketen gainean neurriak hartzeko. Bileran bertan, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak ke isurketek eragindako egoeraren larritasuna helarazi eta “premiazko eta presazko neurriak” har ditzala eskatu dio sailburuordeari: “Usurbildarron kezka geroz eta handiagoa da. Gure eskuetan genuen guztia egin dugu Usurbilen ke-isurketak kontrolatzeko, baina Udalak eskumen mugatua du gai honetan. Hori dela eta, arazo honek Eusko Jaurlaritzaren interbentzio zuzena eskatzen du”.

Bileran ke-isurketa kontrolik gabekoak landu dira bereziki, eta bi puntu nabarmendu dira: batetik, gaur egun teilatuetatik aireratzen diren keak onartezinak eta legez kanpokoak direla, eta, bestetik, tximinietatik ateratzen diren keen kontrola ere areagotu beharra dagoela.

Sailburuordeak onartu du gai honetan Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizuna, eta hitz eman du neurriak hartuko dituztela ez dadin kerik isuri behar bezala iragazi gabe. Hitz eman du, halaber, laster batean jakinaraziko diotela Usurbilgo Udalari zein neurri hartuko dituzten.