Eduki publikatzailea

Atzealdea Usurbilgo Udalak goi mailako Bikain ziurtagiria eskuratu du, aitortzetan altuena

Gehienez eskura daitezkeen 1.000 puntuetatik, udalak 900-949 puntu artean lortu ditu. Goi-mailako Bikain ziurtagiria eskuratu du horrela, lehen “urrezko Bikain ziurtagiria” izenez ezagutzen zena.

2022·12·14


Usurbilgo Udalak goi mailako Bikain ziurtagiria eskuratu du, aitortza maila guztien artean altuena: gehienez eskura daitezkeen 1.000 puntuetatik 900-949 puntu artean lortu ditu, lehen “urrezko Bikain ziurtagiria” izenez ezagutzen zen aitortza jasoz. Gaur arratsaldean egingo dute Bikain sarien banaketa ekitaldia, Donostiako Kursaalean.

Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren bidez, euskararen erabilera areagotzeko dinamikan diharduten erakundeei ekarpen kalifikatuak jasotzeko aukera ematen zaie: horretarako, kanpoko aditu talde batek ebaluazio bat egiten du, eta erakundeen indarguneak nabarmentzeaz gain, zer hobetuak ere identifikatzen dituzte, aurrera egiteko oinarrizko orientabideak jasotzeko. Hainbat alderdi aztertzen dituzte: erakundearen irudia, bezeroekiko eta herritarrekiko harremanak, barne komunikazioa eta lan-tresnak, pertsonen kudeaketa, kanpo-harremanak eta kudeaketa-sistema.

Ebaluazio taldea azaroaren 15ean izan zen udalean, eta behaketa-lanak egiteaz gain, hainbat sailetako arduradun tekniko eta politikorekin bildu ziren. Euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko nahiz kudeatzeko udala egiten ari den lana nabarmendu du, “dagoeneko ageriko emaitzak eman dituena”.

Ikuspegi orokorretik, ebaluatzaileek honako indarguneak nabarmendu dituzte:

  • Usurbilgo Udalean euskararekin lotutako hizkuntza irizpideak kudeaketa sisteman txertatuta daude, eta zeharkakotasunez erakundeko sail ezberdinetan aplikatzen dira.
  • Erakundeko langileen euskara gaitasun maila altuak eta hizkuntza irizpideak era natural batean barneratuta izateak sortze-hizkuntza %100ean euskara izatea ahalbidetzen du.
  • Inguruko udalen eta gainerako erakundeen artean Usurbilgo Udala euskara eremuan erreferente da euskararekiko erakusten duen konpromiso altua dela eta.

Bikain ziurtagiriak 2008an eman zituzten aurrenekoz. Ordutik, 400dik gora erakunde pribatuk zein publikok eskuratu dute euskararen alde egindako ibiliagatiko aitortza.