Eduki publikatzailea

Atzealdea Usurbilgo Udalak Euskaraldiarekin bat egin du, udalbatzak aho batez entitate gisa izena ematea onartuta

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da Euskaraldia. Izena eman ostean, kanpo eta barne ariguneak osatuko ditu, alegia, euskaraz aritzeko guneak.

2020·09·24


Usurbilgo Udalak Euskaraldiarekin bat egin du entitate gisa, udalbatzak, iraileko osoko bilkuran, aho batez hala onartu ostean. Euskaraldiaren bigarren edizioan, erakundeek entitate gisa izena emateko gonbita egin dute antolatzaileek, eta deialdi horri erantzun dio gaur udalbatzak. Euskaraldian izena eman, ariguneak edo euskaraz aritzeko guneak identifikatu, parte-hartzea haiekin adostu, ariketa egin eta horren balorazioa egin beharko du udalak. Udalarekin batera, herriko beste 21 erakundek eman dute izena Euskaraldian entitate gisa parte hartzeko.

Berezitasun modura, entitateek kanpo eta barne ariguneak identifikatu behar dituzte. Kanpo ariguneei dagokienez, udalaren kasuan, jendaurreko administrazio atalak eta jendaurreko lanpostuak dira. Barne ariguneei dagokienez, udalaren kasuan, udalaren barruko dinamika propioa duten eta kide guztiek euskara ulertzen duten taldeak izango dira. Kide guztien edo gehienen adostasuna behar da halako arigune bat abian jartzeko. Horiek identifikatzea izango da udalaren hurrengo zeregina entitate gisa.

Euskaraldiko herriko batzordeak jakinarazi duenez, zenbait ekimen egitea dauka aurreikusita: rolak bereizteko formakuntza-saioak, euskara sustatzeko ekintzak... Txapa bereizgarrien banaketa ere bere ardura izango da. Azaldu duenez, hedabideen eta sare sozialen bidez emango du horien eta bestelakoen berri.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dute Euskaraldia. Gaur bertan jarri dute, gainera, norbanakoek ahobizi eta belarriprest gisa izena emateko aukera, azaroaren 19ra arte. Oraingoz, izena Internet bidez ematea lehenetsi du Usurbilgo Euskaraldiko batzordeak: dena den, beharra balego, fisikoki emateko modua egingo du. 2018ko udazkenean egin zen lehenengo edizioan ia 1.400 herritarrek parte hartu zuten euskararen erabilera handitzeko ekimen horretan: 1.110 ahobizik (%83) eta 223 belarriprestek (%17). Orduko hartan ateratako ondorio nagusia izan zen Euskaraldiak, epe motzean (11 egunen ondoren), euskara erabiltzeko aukerak optimizatzea ekarri zuela. Epe luzera begira (hiru hilabete pasata), ohitura berri horietako batzuk egonkortu egin ziren. Joera bera ikusi zen ahobizietan eta belarriprestetan, baina belarriprestek hobekuntza handiagoa egin zuten bai epe motzera, baita epe luzera ere.