Eduki publikatzailea
Atzealdea Usurbilgo Udalak bilduko ditu Zubieta osoko hondakinak urriaren 21etik aurrera
2019·09·27
Usurbilgo Udalak hartuko du Zubietako kaxkoko hondakinen ardura urriaren 21etik aurrera, Donostiako eta Usurbilgo udalek eta Zubietako Herri Batzarrak martxoan sinatutako hitzarmenaren haritik. Hiru erakundeetako ordezkariek bilera ireki batera deitu dituzte zubietarrak urriaren 10erako, hitzarmen horren nondik norakoen berri emateko: Kaxkapen izango da, 19:00etan.
Hondakinen kudeaketaz gain, bestelako zerbitzu batzuk ere aldatuko dituzte. Bi aldaketa nagusiak ur zerbitzuari eta hondakinen bilketari lotutakoak dira. Ur zerbitzuari dagokionez, Zubietako kaxkoa Añarbeko urarekin hornituko dute, eta Learritza pasealekuko eraikinak, Usurbilgo urarekin. Hondakinei dagokienez, Irigoien kaleko eta Errota bideko edukiontziak kendu, eta, horien ordez, Etarte eta Barazarren eraiki berri dituzten Garbitxikiak erabili ahal izango dira.
Gune horiek edozein ordu eta egunetan erabili ahal izango dira, giltza baten bidez. Hainbat aukera izango dira giltza horiek eskuratzeko. Batetik, hilaren 18an, 16:00etatik 19:00etara, eta hilaren 19an, 11:00etatik 13:00etara, Kaxkapen. Horrez gain, Usurbilgo Udaleko atez ateko bulegoaren ohiko ordutegian ere jaso ahal izango dira.
Donostiarrak diren zubietarrei hondakinak atez ate biltzerik nahi ote duten edo ez galdetuko diete, gainera.
Aurrerantzean, zubietarrek dagozkien tasak (ura, hondakinak eta bestelakoak) beren udalerrian ordainduko dituzte, nahiz eta zerbitzua beste udalerriak eman.