Eduki publikatzailea
2017·11·15
Herritar ugari dago egunotan gastroenteritisak jota. Osakidetzak emandako datuen arabera, astelehenen eta asteartean ia 80 herritar baino gehiago joan ziren Usurbilgo anbulategira, gastroenteritisak erasanda, 25 ume eta 50 heldu baino gehiago, hain zuzen ere. Egun horietan egindako kontsulten %30 arrazoi horrengatik izan ziren. Eta egoera hori ez-ohikotzat jo du Osakidetzak.
Hala, herrian kezka sortu dela-eta, Usurbilgo Udala Osakidetzarekin harremanetan jarri da berehala, arrazoiak jakin nahian. Gaur goizean bertan bidali dio Osakidetzak txostena Udalari, eta gaia aztertzen ari direla dio. Lan talde bat osatu dute osasun etxeko sendagile eta udaleko ordezkariekin, eta epidemiologia eta mikrobiologiako sailekin koordinazioan lan egingo du. Era berean, kultiboak ere hartu dituzte, laborategian aztertzeko. Osakidetzak Udalari igorritako txostenean esaten denez, broteak auzo guztietan modu berean eragin du, Añarbeko ura edan ala ez. Espreski aipatzen du, Zubietan, San Estebanen eta Aginagan Añarbeko ura hartu ez arren, hango herritarrei berdin-berdin eragin diela gastroenteritisak. Horregatik, oraindik emaitzak esku artean ez dituzten arren, birus batek eragindakoa dela uste dute.
Osakidetzak argitu duenez, urte sasoi honetan oso ohikoa da gastroenteritisak erasatea. Irailetik hona hiru alditan indartsu agertu da gastroenteritisa Gipuzkoan. 24 eta 48 ordu artean irauten du, eta koadro kliniko arina du: goragalea, botaka egitea, beherakoa, sabeleko mina, ondoeza, mialgia edota buruko mina eragiten ditu, edota sintoma hauen nahasketa. Erraz kutsatzen da birus mota hori, hala nola airearen bidez, gaixorik dagoen pertsona batekin kontaktua izatearen ondorioz edota kutsatutako objektu edo azalerak ukitzeagatik. Horregatik, hainbat aholku eman ditu Osakidetzak, eta garrantzitsuena eskuak ondo garbitzea dela nabarmendu du.