Eduki publikatzailea
2020·05·06
Usurbilgo tren geltokia berritzetik hurbilago dago: ETS Euskal Trenbide Sareak 2010an geltokia berritzeko idatzitako proiektua berridazteko kontratazioa jarri du martxan. Geltokia berritzea aspaldiko eskaera da, eta, azkenean, martxan jartzeko tramiteak hasi ditu ETSk. Lehiaketa irabazten duen enpresak, gehienez, hamar hilabeteko epea izango du proiektua idazteko.
Prozesua hasi besterik ez da egin, dena den: proiektua berridatzi ostean, hori gauzatzeko esleitzea abiatu beharko dute, eta, ondoren, lanak hasi. Luze joango da prozesua, beraz. Proiektu eguneratuak, gainera, Atallura joateko lotura segurua eta igogailua ere barne hartuko ditu. Prozesua abiatuta, hori hala izatetik pauso bat hurbilago dago Usurbilgo tren geltokia.
Udalak hainbatetan eskatu izan dio ETSri geltokia berritzeko, besteak beste, trenbide gaineko bi pasabide arriskutsuak kentze aldera [Atallura joateko pasabidea, eta Zumaira joateko nasara joateko]. “Udal-gobernu ezberdinen eskaera izan da: zor historikoa du ETSk Usurbilekin. Urteak joan eta urteak etorri Usurbilera ez da deus iritsi, eta, aldiz, aldameneko herrietan inbertsio handiak egin dituzte”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.
Azaldu duenez, hainbat bilera egin dituzte legealdi honetan hark eta planeamendu arduradunak ETSko zuzendaritzarekin, puntu arriskutsuak ezabatzeko helburuarekin. Norabide onean egindako urratsa dela nabarmendu du Solaberrietak: “Azken bileran adierazitakoa bete egin dute, eta, zentzu horretan, poztekoa da, hitza betetzen ari dira. Espero dugu hau lehenengo urratsa izatea, eta behin betikoz proiektua gauzatzea, besteetan ez bezala, ez dadin kaxoi batean sartuta gelditu”.