Albisteak
Atzealdea

Usurbilgo sagardoaren kultura aztertuko du Josu Ozaitak

Sagarrak eta sagardoak Usurbilen historian eta gaur egun duen garrantzia nabarmendu dute: “Herri-ondare garrantzitsuak dira”. Sagardotegiekin, sagardoa etxean eta lagunartean egiten dutenekin zein sagardoaren bueltako eragileekin bilduko da Ozaita.

2022·05·12


Usurbilgo sagardoaren kultura aztertuko du Josu Ozaitak, ikuspegi antropologiko batetik. 39. Sagardo Egunaren bezperetan eman dute ikerketaren berri Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Josu Ozaita antropologoak. Lanean hasita dago Ozaita, eta urte amaierarako amaitu nahi luke lana.

Usurbildarrentzat hilabete berezia da maiatza, Solaberrietak nabarmendu duenez, “hain berezia eta kutuna” Sagardo Eguna ospatzen baita hilabete honetan. Hori horrela izanagatik ere, sagardoak Usurbilen duen garrantzia hori baino gehiago dela nabarmendu du alkateak: “Sagardoa, gurean, txotx garaitik eta Sagardo Egunetik harago doa. Sagardoa eta sagardoaren kultura zabaltzeko hamaika egitasmo eta proiektu sustatzen dira gure herrian, sagardogintzaren bueltan ari garen eragile ezberdinok osatu genuen “Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura” agendak erakusten duen bezala. Ez da inon halako egitaraurik osatzen, eta hori bada zerbaiten seinale”.

Izan ere, Solaberrietaren esanetan, Usurbil, sagarra eta sagardoa elkarri lotutako hiru kontzeptu dira: “Sagarra eta sagardoa gure bizimoduaren ardatz izan dira mendetan, eta, horregatik, herri-ondare garrantzitsuak dira. Nabarmen ikusten da hori hainbat arlotan: historia, kultura, nekazaritza, hezkuntza, sorkuntza, turismoa, paisaia, garapen ekonomikoa, enplegua, merkataritza edota lurralde antolaketan. Haatik, ez dira kontzeptu geldoak. Bizi-bizirik daude”. Eta, horrez gain, ekinean ari den kontzeptua ere bada: “Izan ere, sagarra eta sagardoa ardatz duen jarduera ekonomiko indartsua du Usurbilek, jarduera ekonomiko nagusietako bat baita”.

Sagardotegi ugari izateaz gain, sagardoa etxean egiten duten familiak eta kuadrillak ere badira Usurbilen: “Sagardogintza aspalditik dator, eta usurbildarren eskutik bizi-bizi jarraitzen duen ondarea dugu gaur egun”. Sagardoa egiteak, bere horretan, beste gauza asko mugitzen dituela nabarmendu du Solaberrietak: harremanak, sagastiak zaintzea, sagarrak ezagutzea, errituak, naturarekin harremana, dastaketa, gustua lantzea, ilusioa, harrotasuna, herri identitatea... “Hau da, kultura oso bat sortzen da sagardoaren inguruan. Hori guztia da interesatzen zaiguna. Sagardogintzaren historia txikia, ezezaguna, liburuetan oraindik idatzirik ez dagoena, belaunaldi helduenen lekukotzetatik abiatuta. Atzera ez ezik, gaur egungo jardunari ere begiratu nahi diogu: erakutsi eta ahotsa eman”.

Usurbil, sagardoa aztertzeko “eremu paregabea”

Josu Ozaita antropologoak gastronomia, jaiak eta turismoa ikertu ohi ditu, eta, hori kontuan izanda, Usurbil sagardoa aztertzeko “eremu paregabea” dela nabarmendu du: “Usurbil berezia baita sagardoaren munduan, sagardo kulturak garrantzia duelako herrian”. Metodologia kualitatiboa erabiliko du Ozaitak: elkarrizketa sakonak eta behaketa parte-hartzailea, batik bat. Egindako ikerketa txosten batean jasoko du, eta etorkizunera begirako proposamenak ere bilduko ditu bertan.

Usurbilgo sagardoaren kulturak 2022 urtean duen argazkia egingo du Ozaitak: “Gaur egungo argazkia azalduko dugu, orain gertatzen ari denari garrantzia ematen diogulako, eta orain gertatzen denak informazio asko emango digulako zer den ikusteko eta baita etorkizuna irudikatzeko ere”. Dena den, antropologoaren esanetan, “hamarkada batzuk” atzera ere joko du: “sagardo industrian Usurbilek izandako erreferentzialtasunagatik”, Illarramendi eta Mai-ona enpresak tarteko zein etxeetan ere sagardo asko egiten zelako.

Ozaitak Sagardoaren bueltako alderdi ugari aztertuko ditu. Batetik, Usurbilgo sagardotegien historia jasoko du. Bestetik, sagardoa etxean egiten dutenekin ere egongo da. Usurbilgo sagardoaren kulturan eragile direnekin ere egongo da Ozaita. Batetik, Alkartasuna kooperatibarekin: “Erraztasunak sortu ditu etxean sagardoa egiteko makinaria alokatzeko; nolabait, jarduera hori elikatu du. Horrekin batera, Sagardoaren Unibertsitatearekin batera antolatzen diren formazioak daude, sagardoaren egungo panoraman erreferentziazkoak direnak. Edota “Sagastiak loretan” bezalako ekimenak, sagastien ezagutza eta bertsolaritza beste formatu batean uztartuz”.

Sagardoa familian edo lagunartean eginda sortzen diren errituak azalduko ditu. Baina errituetan “garrantzitsuena” den Sagardo Eguna ere aztergai izango du: “Ez da ohiko sagardo dastaketa hutsa. Ibilbide luzea du, eta arrastoa utzi du herrian eta herritarrengan. Egun honek duen balioa aztertu nahi dut”.

Eragile ugarirekin egongo den arren, Ozaitak nabarmendu du ez lukeela kanpoan utzi nahi “zerbait gustura kontatuko lukeen inor”. Hala, inork bere bizipenak Ozaitarekin konpartitu nahi izatekotan, berarekin harremanetan jartzera deitu ditu herritarrak, josuozaita@gmail.com helbidera idatzita.