Eduki publikatzailea
2017·09·08
Mendetasun arriskuan edo mendetasun gradu txikia daukaten usurbildarrentzako Eguneko Arreta Zerbitzua eskainiko du aurrerantzean Usurbilgo Udalak. Zerbitzu berri honen nondik-norakoak azaltzeko, bilera bat antolatu dute udal ordezkariek. Zerbitzua Artzabalen garatuko da, eta bertan erabiltzaileek ekintza zein ariketa ezberdinak egingo dituzte beren gaitasunen arabera. Gainera, aipatutako pertsonak beren ohiko bizitokian egon ahal izatea ahalbidetu eta beren sozializazioa bermatzen saiatuko da, izan daitezkeen isolamendu egoerak leunduz.
Gauzak horrela, irailaren 27an, Artzabalen -arratsaldeko 18:00etan- erabiltzaile potentzialek zein beraien senitartekoek zerbitzuaren ezaugarriak ezagutu ahal izango dituzte.
Helburua argia da: mendetasun arriskuan edo mendetasun egoeran dauden usurbildarrei autonomiari eusten laguntzea eta ohiko bizi-ingurunean jarraitzen eta gizarteratzen laguntzea, behar izanez gero isolamendu egoerak konpentsatuz.
Aztikerren ikerketa
“Beste leku guztietan gertatzen den bezala, Usurbilen bizi-itxaropena gora doan heinean, gizartea ere zahartzen dihoa. Erakundeon aldetik pertsona nagusiei zein motatako laguntza eskaini nahi diegun lantzen joan behar gara gutxinaka”, adierazi du Jone Urdanpileta Usurbilgo udaleko Osasun eta Gizarte zerbitzuetako zinegotziak.
Azken asteetan 65 urtetik gorako usurbildarren artean inkesta bat egin du udalak Aztiker enpresaren laguntzaz. “Besteak beste, eta beste herrietan eginiko inkestekin alderatuta, Usurbilgo udaleko zerbitzuen balorazio positiboa egin zuten galdetutakoek”, adierazi zuen Aztikerreko ordezkariak. Beste datu nabarmen bat Usurbilgo inguru sozio-afektiboaren indarra dela nabarmendu zuen soziologoak. Zentzu horretan, “adinekoei beren etxe inguruan, Usurbilen, ahalik eta modu egokienean zaintzea da udaletik daukagun ardura, eta bide horretatik jarraituko dugu”, gaineratu du Urdanpiletak.