Eduki publikatzailea
Atzealdea Usurbilgo herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plan berezia eguneratuko da datozen hilabeteetan
2019·10·03
Legegintzaldi berrian lehenengo aldiz bildu da gaur merkataritza mahaia: udal ordezkariak, Hurbilago elkartekoak eta Siadecokoak elkartu dira, Potxoenean. Hainbat gai izan dituzte hizketagai, baina nabarmenetako bat Usurbilgo herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plan bereziaren eguneraketarena izan da: zer eskaintzen dute Usurbilgo merkatari eta ostalariek? Zer eskari dago? Zein hutsune daude? Zer kontsumo ohitura dituzte herritarrek? Nola eragiten dute kontsumo ohitura horiek herriko merkataritzan? Galdera horiei eta beste hainbati erantzutea izango du helburu plan horrek.
Izan ere, 2009an egin zen lehenengo aldiz, eta eguneratzeko beharra du. Batetik, orduz geroztik hainbat alorretan izan diren aldaketak behatu nahi dira -esaterako, kontsumo ohituren aldaketa, Intenetez eta saltoki handietan kontsumitzeko joeraren gorakadagatik. Bestetik, aurrera begira herri merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko zein bide jorra daitezkeen aztertu nahi dute. Horrela, eskaintzaren, eskariaren eta epe ertaineko balizko garapenaren diagnostikoa egingo dute: azterketa horren emaitzen arabera, lau urterako ekintza plan bat zehaztuko da.
Hala, herriko jarduera komertziala dinamizatzea izango da horren zeregina, Usurbilgo merkataritzak eskaintzen dituen aukerak eta indarguneak baliatuz, batetik, eta horren garapena oztopatzen duten arloen eragin negatiboak ahalik eta gehien murriztuz, bestetik. Egitura publiko-pribatuak sortzea da asmoa, eragileen arteko kolaborazioa sustatzeko. Horrez gain, genero berdintasunerako irizpideak kontuan hartuta egingo da prozesu guztia.
Prozesu horrek hainbat fase izango ditu, eta guztira lau hilabete irautea aurreikusten da. Lehen-lehenik, Jarraipen Batzordea osatuko dute Usurbilgo Udalak eta Hurbilagok, Siadeco ikerketa elkartearekin. Lehenengo urratsa diagnostikoa egitea izango da: informazioa bildu eta aztertu. Elkarrizketa pertsonal sakonak eta eztabaida taldeak egingo dira sektoreko eragileekin, herritarrekin eta herriko beste talde eta elkarteetako kideekin. Ondoren, informazio kuantitatiboaren bilketa egingo da. Jasotako informazio guztia aztertu, eta eskaintzari eta eskaerari dagozkien datuak irakurriko dituzte. Hala, AMIA analisia egiteko modua izango dute, hau da, herri merkataritzaren ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak ikertuko dituzte.
Jarduera Plana diseinatzea izango da hurrengo pausoa. Ardatz estrategikoak finkatu eta ekintza zehatzak finkatu ostean, publikoki aurkeztuko dute dokumentua: sektorean eta herrian sozializatzea litzateke azken pausoa.