Albisteak
Atzealdea

Usurbilgo hainbat entitate, dagoeneko Euskaraldiari begira

Entitate gisa Euskaraldian izena emateko epea zabalik dago. Usurbilen, dagoeneko 11 entitatek hartu dute parte hartzeko konpromisoa.

2022·06·16


Azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2ra arte izango da III. Euskaraldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean. Aurreko edizioan bezala, entitateen figurari eutsi dio hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen ekimenak: zabalik dago, horientzat, izena emateko epea. Usurbilen dagoeneko 11 dira Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa hartu duten entitateak, eta lehenengo bilera egin berri dute, aurtengoaren nondik norakoak ezagutzeko.

Honakoak izan dira agerraldian parte hartu duten entitateak: AEK Etumeta euskaltegia, Elhuyar Fundazioa, Fagor Automation, Kabiene elkarlan-gunea, Noaua! Elkartea, Saizar sagardotegia, Tapuntu kooperatiba, Udarregi ikastola, Ziortza Gazte Elkartea, Zubietako Lanbide Eskola eta Zumarte Musika Eskola.

Alderdi kualitatiboari alderdi kuantitatiboari baino garrantzi handiagoa ematen badiote ere, azken edizioko zenbait datu eman dituzte bileran, erreferentzia gisa: orduko hartan, 34 izan ziren Usurbilen parte hartu zuten entitateak, eta, denera, 80tik gora arigune sortu zituzten. Haietan parte hartu zuten norbanakoak ahobizi edo belarriprest rolean aritu ziren Euskaraldiak iraun zuen artean. Entitateetako ordezkariek eurek onartu dute ariketak eragin biderkatzailea izan zuela, eta balio izan zuela ohitura batzuk iraunarazteko. Aurten apustua berrestea da helburua, eta hizkuntza ohituretan eragiteko prest diren entitateen kopurua handitzea.

Entitateek (enpresa, elkarte edo taldeek) ariguneak identifikatu behar dituzte, lehenik. Horretarako, ariguneak identifikatzeko tresna garatua du Euskaraldiak. Funtsean, ariguneko kide izango direnek hartu behar dute euskaraz aritzeko konpromisoa; beraz, ezinbestekoa da partaide denek gutxienez euskara ulertzea.

Usurbilgo Euskaraldiko Batzordea edonori lagundu eta informazioa emateko gertu da. Harremanetarako usurbil@euskaraldia.eus helbideaz gain, Noaua! -ra, AEK euskaltegira edo Usurbilgo Udalera jo daiteke.

Norbanakoen izen-ematea, irailetik aurrera

Norbanakoen izen-ematea irailean zabalduko dute, eta ordutik aurrera emango du Usurbilgo Euskaraldiko lantaldeak hurrengo urratsen berri. Bide batez, adierazi dute ekimena antolatzen lagundu nahi duen oro gonbidatuta dagoela batzordearen bileretan parte hartzera.