Eduki publikatzailea

Atzealdea Usurbilgo Gazte Mugimenduak botako du Santixabeletako txupinazoa

Aztarrika, Ernai, Kafe Tertulia, Xauxar txosna batzordea eta Ziortzako ordezkariek botako dute aurtengo Santixabel jaietako txupinazoa: ekainaren 29an izango da, 19:00etan, udaletxeko balkoitik.

2023·06·06


Usurbilgo Gazte Mugimenduak botako du Santixabeletako txupinazoa. Zehazki, Aztarrika, Ernai, Kafe Tertulia, Xauxar txosna batzordea eta Ziortzako ordezkariak izango dira aurtengo herriko festen lehenengo suziria botako dutenak. Txupinazoa nork bota aukeratzeko proposamenak egiteko ekarpenak eskatu zituen Jai Batzordeak, eta hala hartu dute erabakia.

Jakinarazi dutenez, 65 lagunek parte hartu dute txupinazoa nork bota erabakitzeko prozesuan, eta 19 proposamen desberdin egon dira. Guztiak zenbatuta, herriko Gazte Mugimenduak botako du txupinazoa, “gazte eragileek herria egunerokoan dinamizatzeko egiten duten lanagatik”.

Egitaraua, ekainaren 23an

Festetako egitaraua ekainaren 23an banatuko dute, etxez etxe: hori diseinatzeko lehiaketa Peru Agirresarobek irabazi zuen. Kasu horretan, sei proposamenen artean suertatu zen garaile Agirresaroberen diseinua: 500 euroko saria jasoko du.