Eduki publikatzailea
Atzealdea Usurbilgo emakumeon topaketa, maiatzaren 25ean
2024·05·14
Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak Usurbilgo emakumeon topaketa antolatu du, maiatzaren 25erako: Emakumeon Etxearen irekiera propioa izango da. “Topaketa hori baliatu nahiko genuke adin eta jatorri ezberdineko herriko emakumeok elkar ezagutzeko, gure arteko sareak josteko eta Usurbilgo Emakumeon Etxeko proiektuarekiko aliantzak lantzeko”, nabarmendu dute. Modu horretara, herriko emakume guztiak gonbidatu dituzte maiatzaren 25eko hitzordura.
Goiz partean egingo dute topaketa, 10:00etatik 13:30 aldera. Elkar ezagutu eta konfiantzazko giroa sortzeko talde dinamika bat egingo dute lehenengo: “Saio parte hartzailea izatea nahiko genuke, denon iritzi, nahiak eta desioak plazaratzeko aukera emango diguna, elkar ezagutzan sakontzearekin batera”. Amaieran, Beatriz Egizabal umoregilearen saioa eta luntxa izango dira.
Usurbilgo Emakumeon Etxea herriko emakumeentzako erreferentziazko espazio bat izan dadin nahi du talde sustatzaileak, baina ez luke horretara mugatu nahi: “Guretzat ez da soilik topagune bat: sareak sortzeko; aholkularitza jasotzeko; indarkeria matxistarik gabeko bizikidetza sustatzeko; emakumeen ahalduntzea, parte-hartzea, presentzia eta ikusgarritasuna lantzeko; eztabaida, hausnarketa eta aldaketak ikuspegi feministatik pizteko gunea izatea nahi dugu”.
Antolaketa lanak errazteko, aldez aurretik asistentzia konfirmatzeko eskatu dute, emakumeonetxea@usurbil.eus helbidera idatzita edo 943 37 71 12 telefonora deituta.