Eduki publikatzailea
2017·02·20
Usurbilgo Udalak, herriko beste hainbat eragilerekin batera, herriko Salbatore Parrokiako erlojua zaharberritzeko prozesua martxan jarri eta berau auzolan bitartez egiteko konpromisoa hartu du. Auzolan horretan, 'Organoaren Lagunak' elkartea, herritarrak, Yeregui erlojulari familiak zein Lanbide Eskolako ikasleek parte hartuko dute. Horrez gain, egitasmo honetara gehitu nahi duen pertsona orok ere izango du lanean aritzeko aukera. Prozesuaren bideorria zehazteko, hitzarmena sinatu dute ostiral honetan.
Hitzarmen horri esker, Udalak 2.800 euroko diru partida zabalduko du zeregin horretarako, eta lanak 2017an zehar burutuko dira. Udaletik azpimarratu dute, ekimena auzolanean egingo ez balitz, ezinezkoa izango litzatekeela diru kopuru horrekin lan horiek gauzatzea.
“Auzolanean eginda, egitasmo honek beste ikuspuntu bat dauka. Izan ere, lan mekanikoak egiteko boluntarioak beharko ditugu, eta, bestetik, Usurbilgo Lanbide Eskolak atal elektronikoa garatuko du. Herriko ondarea berreskuratu eta balorean jartzea benetan egitasmo garrantzitsua dela iruditzen zaigu”, adierazi du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.
Boluntarioek, Aitor Villa erlojugile profesionalaren aholkuei jarraituz, desmuntaia, mugitzea eta garbiketa lanak egingo dituzte. Lanbide Eskolako ikasleek, berriz, elementu elektro-mekanikoak konbinatzeko lanetan hasi dira dagoeneko. Bukatzeko, Zumaiako Yeregui elkarteak lanen garapen mekaniko zein elektronikoetan parte hartuko du, beste hainbat herritan izandako esperientziak Usurbilera ekarriz,
Esperientzia handiko familia
Yeregui familiak erlojulari ibilbide luzea izan du historian zehar. Izan ere, familia hartako lehen errementari-erlojugilea, Francisco Yeregui, 1970ean jaio zen Leitzan (Nafarroa). 1796ean eraiki zuen bere lehen erlojua, Beteluko San Pedro elizan. Lan hori abiapuntu, Yeregui familiak errementari-erlojugile lanetan jarraitu zuen bost belaunaldiz. Hirugarren belaunaldiko Benito Yeregui, berriz, Betelu atzean utzi eta Usurbilgo Aginaga auzora etorri zen bizitzera. Garai hartan 80 erloju egin zituzten eliza eta baseliza ezberdinetarako, tartean Usurbilgo elizakoa. Erloju hura Morezetik (Frantzia) ekarri zuten Yereguitarrek 1912an, eta orduz geroztik dago han. Orain, 105 urtez lanean aritu den erlojua zaharberritzeko lanei ekingo diete usurbildarrek