Albisteak
Atzealdea

Usurbilgo ekoizle eta sortzaileentzako deialdia, 650 Usurbil Bizi otarrean parte hartzeko

Herriko era guztietako ekoizleen produktuekin osatu nahi dituzte 650 Usurbil Bizi otarrak: lehen sektoreko ekoizleak, kultur sortzaileak, moda diseinatzaileak... Euren produktuekin otarrean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, azaroaren 28tik abenduaren 2ra bitartean. 650 Usurbil Bizi otarrak zozketa bidez banatuko dira abenduaren 31n, San Silvestre lasterketaren ostean: erosketak herrian bertan egiten dituzten bezeroen artean zozkatuko dira.

2022·11·25


650 Usurbil Bizi otarrean parte hartzeko deialdia egin diete Usurbilgo ekoizle eta sortzaileei: euren produktuak otarretan banatzea nahi dutenek izena eman beharko dute azaroaren 28tik abenduaren 2ra bitartean, Gertuago.eus atarian jarritako formulario bat beteta. Herriko era guztietako ekoizleen produktuekin osatuko dituzte 650 Usurbil Bizi otarrak (lehen sektorekoak, kultur sortzaileak, moda diseinatzaileak...), eta erosketak herrian bertan egiten dituzten bezeroen artean zozkatuko dira: abenduaren 31n jakinaraziko dira irabazleak, San Silvestre lasterketaren ostean.

650 Usurbil Bizi proiektutik eratorri da, besteak beste, 650 Usurbil Bizi otarra, Kulturgunearen eta Hurbilagoren elkarlanaren ondorioz: proiektuaren balioak biltzen dituen otarra izatea nahi dute. Hala, herriko ekoizleen lana eta eskaintza ikusarazi eta balioa eman nahi diote, herrian bertan kontsumitzea bultzatzearekin batera: abenduaren 5etik 30era bitartean herrian egindako 10 euroko erosketa bakoitzeko, txartel bana jasoko dute herritarrek, eta horien artean egingo da otarren zozketa. Abenduaren 30ean saltoki bakoitzak zozketa egingo du bere bezeroen artean, eta irabazleekin kontaktuan jarriko da, hurrengo egunean egingo den sari banaketara gonbidatzeko.

Honakoak dira otarrean beren produktuekin parte hartu nahi duten ekoizle eta sortzaileek bete beharreko baldintzak:

  • Kultura eta sormen industriako jarduerak:
    • Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea (eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean, 2022ko azaroaren 28an).
    • Merkaturatutako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33ak gutxienez Usurbilen erroldatua egon behar du.
    • Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea, 2017ko abenduaren 2tik aurrera.
    • Euskaraz sortu diren sorkuntzak lehenetsiko dira.
  • Lehen sektorea, ostalaritza eta elikaduraren industriako ekoizleak:
    • Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintza sektoreko jarduerarekin, ekoizpen-ustiategia Usurbilen kokatua egotea izango da ekoizleak bete beharreko baldintza.
    • Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak.
    • Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.