Eduki publikatzailea

Atzealdea Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuekin osatutako 650 Usurbil Bizi otarrak zozkatuko dira aurten ere

Gabonetako otarrak osatzen diren bosgarren urtea izango da aurtengoa. Ekoizle eta sortzaileei zuzendutako deialdia astelehenean, urriaren 26an, irekiko da, eta azaroaren 6ra arte izango da proposamenak aurkezteko epea, gertuago.eus webgunearen bidez.

2026·10·23


650 Usurbil Bizi Gabonetako otarren proiektuak jarraipena izango du 2026an ere. Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilagok elkarlanean antolatuko dute, eta herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagun egin eta produktu horiei ikusgarritasuna emateko, herrian bertan kontsumitzea bultzatzearekin batera. Urte amaieran, Usurbilgo sortzaile eta ekoizleen produktuekin osatutako otarrak zozkatuko dituzte Usurbilgo tokiko merkataritzako saltoki txikiek: otarrean parte hartu nahi duten Usurbilgo ekoizle eta sortzaileei zuzendutako deialdia urriaren 26an irekiko da, eta azaroaren 6ra arte izango dute proposamenak aurkezteko epea, gertuago.eus webgunearen bidez.

2025eko parte-hartzea

Aurreko edizioen balorazio positiboa egin dute ekimenaren antolatzaileek, herriko eragileen parte-hartzea altua izan zelako: Gabonetako otarrak osatzen diren bosgarren urtea izango da aurtengoa. Iaz, Usurbilgo 31 ekoizlek eta sortzailek hartu zuten parte; Hurbilago elkartekoak diren 16 saltokik hartu zuten parte otarren zozketan, eta 100 otar banatu zituzten bezeroen artean. Hurbilagoren Udazkeneko Azokak otarrak aurkezteko giro paregabea sortu zuen, eta hori horrela, errepikatzea erabaki dute: azaroaren 28an ezagutuko ditugu aurtengo otarretako partaideak, eta sari banaketa abenduaren 27an izango da, igandean.

Ekoizleek eta sortzaileek izena emateko 2026ko deialdia

2026ko edizioari begira, euren produktuak otarretan banatzea nahi duten Usurbilgo lehen sektoreko ekoizleek eta kultur sortzaileek izena eman behar dute, Gertuago webgunearen bitartez, urriaren 26tik azaroaren 6ra bitartean. Prezioen garestitze orokorra tarteko, sortzaile eta ekoizleei eskaintzen zaien diru kopurua 50 euroan handitzea erabaki da. Hala, ohi bezala, ekoizle bakoitzak erabakiko du zer eskaintza egin, 250,00 €-ko aurrekontuarekin, BEZa sartu gabe. Aurtengo beste berritasun bat esperientziak eskaintzeko aukera izango da: urtebeteko epean euren establezimenduetan kontsumitzeko 50,00 €-ko bonoak edo deskontuak eskaini ahal izango dira.

Honakoak dira parte hartu nahi duten ekoizle eta sortzaileek bete beharreko baldintzak:

a) Kultura eta sormen industriako jardueretarako:

  1. Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2026ko urriaren 26an).
  2. Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.
  3. Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik kontatzen hasita).
  4. Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.

b) Lehen sektorea eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:

  1. Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak.
  2. Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak.
  3. Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.

c) Esperientzien eskaintza

  1. Usurbilgo ostalaritza establezimenduek edo ekoizle izanik euren jardunaren zati bat ostalaritzara bideratua dutenek, 50,00 €-ko bonoak edo deskontuak eskaintzeko aukera izango dute, gehienez 250,00 €-ko balioarekin (BEZ gabe).

Ekoizleen eskaintzak onartzeko prozedura

  1. Ekoizle bakoitzak, izen-ematea egin eta bere eskaintza aurkeztu behar du, www.gertuago.eus webgunearen bitartez, 2026ko urriaren 26tik azaroaren 6ra bitartean. Izena emateko lotura zuzena: https://labur.eus/650otarra2026
  2. Eskatutako baldintzak betetzen diren aztertuko du ekimenaren antolatzaile diren erakundeetako ordezkaritzarekin osatutako lantalde batek, azaroaren 9tik 13ra.
  3. Ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, egindako eskaintzaren onarpena bidaliko zaie ekoizleei; eskainitako produktuak noiz eta non entregatu behar diren ere zehaztuko da jakinarazpen horretan.

Edozein zalantza argitzeko: gertuago@gertuago.eus / 652 085 811

Otarraren aurkezpena, azaroaren 28an

Udazkeneko azoka antolatuko du Hurbilago elkarteak azaroaren 28an, eta egun horretan egingo da Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuekin osatutako 2026ko otarraren aurkezpena, 13:30ean; 650 Usurbil Bizi otarraren erakusmahai bat ere ipiniko da azokan.

Zozketan parte hartzeko aukera, azaroaren 30etik abuztuaren 26ra

Gabonetako zozketa jarriko du martxan Hurbilagok azaroaren 30ean, hilaren 26ra arte, herriko saltoki txikietan egiten diren erosketak saritzeko. Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuez osatutako otarren zozketan parte hartzeko txartelak banatuko dira.

Abenduak 26 eta 27, dendetan zozketa egin eta sarituei otarrak entregatu

Herriko denda, taberna, jatetxe eta ile-apaindegi bakoitzeko bezeroen artean sarituak zein diren erabakiko da zozketa bidez; abenduaren 26an egingo dira zozketa horiek, eta abenduaren 27an, 13:30ean, otarren entrega ekitaldia egingo da Usurbilgo frontoian.