Eduki publikatzailea
Atzealdea Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuekin osatutako 650 Usurbil Bizi otarrak zozkatuko dira aurten ere
2025·10·30

650 Usurbil Bizi proiektutik sortutako ekimen honek jarraipena izango du 2025ean ere. Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilagok elkarlanean antolatuko dute, eta herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagun egin eta produktu horiei ikusgarritasuna emateko, herrian bertan kontsumitzea bultzatzearekin batera. Urte amaieran, Usurbilgo sortzaile eta ekoizleen produktuekin osatutako otarrak zozkatuko dituzte Usurbilgo tokiko merkataritzako saltoki txikiek: otarrean parte hartu nahi duten Usurbilgo ekoizle eta sortzaileei zuzendutako deialdia azaroaren 3an irekiko da, eta hilaren 16ra arte izango dute proposamenak aurkezteko epea, gertuago.eus webgunearen bidez.
2024ko parte-hartzea
Aurreko edizioen balorazio positiboa egin dute ekimenaren antolatzaileek, herriko eragileen parte-hartzea altua izan zelako: Gabonetako otarrak osatzen diren laugarren urtea izango da aurtengoa. Iaz, Usurbilgo 31 ekoizlek eta sortzailek hartu zuten parte; Hurbilago elkartekoak diren 16 saltokik hartu zuten parte otarren zozketan, eta 100 otar banatu zituzten bezeroen artean. Hurbilagoren Udazkeneko Azokak otarrak aurkezteko giro paregabea sortu zuen, eta hori horrela, errepikatzea erabaki dute: azaroaren 29an ezagutuko ditugu aurtengo otarretako partaideak. Aurten, sari banaketa egun bat aurreratuko da: igandean ordez, larunbat eguerdian banatuko dira.
Ekoizleek eta sortzaileek izena emateko 2025eko deialdia
2025eko edizioari begira, euren produktuak otarretan banatzea nahi duten Usurbilgo lehen sektoreko ekoizleek eta kultur sortzaileek izena eman behar dute, Gertuago webgunearen bitartez, azaroaren 3tik 16ra bitartean. Ekoizle bakoitzak erabakiko du zer eskaintza egin, 200,00€-ko aurrekontuarekin, BEZa sartu gabe.
Honakoak dira otarrean beren produktuekin parte hartu nahi duten ekoizle eta sortzaileek bete beharreko baldintzak:
a) Kultura eta sormen industriako jardueretarako:
- Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2025eko azaroaren 3an).
- Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.
- Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik kontatzen hasita).
- Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.
b) Lehen sektorea, ostalaritza eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:
- Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak.
- Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak.
Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.
Ekoizleen eskaintzak onartzeko prozedura
- Ekoizle bakoitzak, izen-ematea egin eta bere eskaintza aurkeztu behar du, www.gertuago.eus webgunearen bitartez, 2025eko azaroaren 3tik 16ra bitartean. Izena emateko lotura zuzena: https://labur.eus/650otarra2025
- Eskatutako baldintzak betetzen diren aztertuko du ekimenaren antolatzaile diren erakundeetako ordezkaritzarekin osatutako lantalde batek, azaroaren 17tik 23ra.
- Ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, egindako eskaintzaren onarpena bidaliko zaie ekoizleei; eskainitako produktuak noiz eta non entregatu behar diren ere zehaztuko da jakinarazpen horretan.
Edozein zalantza argitzeko, gertuago@gertuago.eus helbidera idatzi daiteke edo 652 085 811 telefonora deitu.
Otarraren aurkezpena, azaroaren 29an
Udazkeneko azoka antolatuko du Hurbilago elkarteak azaroaren 29an, eta egun horretan egingo da Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuekin osatutako 2025eko otarraren aurkezpena, 13:30ean; 650 Usurbil Bizi otarraren erakusmahai bat ere ipiniko da azokan.
Zozketan parte hartzeko aukera, abenduaren 1etik 26ra
Gabonetako zozketa jarriko du martxan Hurbilagok abenduaren 1ean, hilaren 26ra arte, herriko saltoki txikietan egiten diren erosketak saritzeko. Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuez osatutako otarren zozketan parte hartzeko txartelak banatuko dira.
Abenduak 26 eta 27, dendetan zozketa egin eta sarituei otarrak entregatu
Herriko denda, taberna, jatetxe eta ile-apaindegi bakoitzeko bezeroen artean sarituak zein diren erabakiko da zozketa bidez; abenduaren 26an egingo dira zozketa horiek, eta abenduaren 27an, 13:30ean, otarren entrega ekitaldia egingo da Usurbilgo frontoian.

