Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuekin osatutako 650 Usurbil Bizi otarrak zozkatuko dira aurten ere
2023·10·26
650 Usurbil Bizi proiektutik sortutako ekimen honek jarraipena izango du 2023an ere. Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilagok elkarlanean antolatuko dute, eta herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagun egin eta produktu horiei ikusgarritasuna emateko, herrian bertan kontsumitzea bultzatzearekin batera. Urte amaieran, Usurbilgo sortzaile eta ekoizleen produktuekin osatutako otarrak zozkatuko dituzte Usurbilgo tokiko merkataritzako saltoki txikiek, eta otarrean parte hartu nahi duten Usurbilgo ekoizle eta sortzaileei zuzendutako deialdia irekiko da azaroaren hasieran: zehazki, azaroaren 1etik 10era izango dute proposamenak aurkezteko epea.
2022ko parte-hartzea
2022an antolatutako lehen edizioaren balorazio positiboa egin dute ekimenaren antolatzaileek, besteak beste, herriko eragileen parte-hartzea altua izan zelako. Guztira, Usurbilgo 34 ekoizle eta sortzailek hartu zuten parte iaz: 7 kultur sortzailek, 2 moda diseinatzailek, 10 musikari edo musika taldek, lehen sektoreko 10 ekoizlek eta 5 sagardogilek; horrez gain, Hurbilago elkartekoak diren 18 saltokik hartu zuten parte otarren zozketan, eta 90 otar banatu zituzten bezeroen artean.
Ekoizle eta sortzaileek izena emateko 2023ko deialdia
2023ko edizioari begira, euren produktuak otarretan banatzea nahi duten Usurbilgo lehen sektoreko ekoizleek eta kultur sortzaileek izena eman behar dute, www.gertuago.eus webgunearen bitartez, azaroaren 1etik 10era bitartean. Ekoizle bakoitzak erabakiko du zer eskaintza egin, 200,00€-ko aurrekontuarekin, BEZa sartu gabe.
Honakoak dira otarrean beren produktuekin parte hartu nahi duten ekoizle eta sortzaileek bete beharreko baldintzak:
Kultura eta sormen industriako jardueretarako:
- Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2023ko azaroaren 1ean).
- Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.
- Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik kontatzen hasita).
- Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.
Lehen sektorea, ostalaritza eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:
- Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak.
- Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak.
Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.
Ekoizleen eskaintzak onartzeko prozedura
- Ekoizle bakoitzak, izen-ematea egin eta bere eskaintza aurkeztu behar du, www.gertuago.eus webgunearen bitartez, 2023ko azaroaren 1etik 10era bitartean.
- Eskatutako baldintzak betetzen diren aztertuko du ekimenaren antolatzaile diren erakundeetako ordezkaritzarekin osatutako lantalde batek, azaroaren 13tik 17ra.
- Ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, egindako eskaintzaren onarpena bidaliko zaie ekoizleei, azaroaren 22a baino lehenago; eskainitako produktuak noiz eta non entregatu behar diren ere zehaztuko da jakinarazpen horretan.
Edozein zalantza argitzeko, gertuagosareak@gmail.com helbidera idatzi daiteke edo 652085811 telefonora deitu.
Otarraren aurkezpena, abenduaren 3an
Udazkeneko azoka antolatuko du Hurbilago elkarteak abenduaren 3an, eta egun horretan egingo da Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuekin osatutako 2023ko otarraren aurkezpena; 650 Usurbil Bizi otarraren erakusmahai bat ere ipiniko da azokan bertan.
Zozketan parte hartzeko aukera, abenduaren 4tik 30era
Gabonetako zozketa jarriko du martxan Hurbilagok abenduaren 4an, herriko saltoki txikietan egiten diren erosketak saritzeko. Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuez osatutako otarren zozketan parte hartzeko txartelak banatuko dira.
Abenduak 30 eta 31, dendetan zozketa egin eta sarituei otarrak entregatu
Herriko denda, taberna, jatetxe eta ile-apaindegi bakoitzeko bezeroen artean sarituak zein diren erabakiko da zozketa bidez; abenduaren 30ean egingo dira zozketa horiek, eta hurrengo egunean, abenduak 31 eguerdian, otarren entrega ekitaldia egingo da Usurbilgo frontoian.