Eduki publikatzailea
Atzealdea Usurbilgo ahozko ondarea jaso eta hedatzeko hitzarmena egin dute Noaua! Kultur elkarteak eta udalak
2025·12·02

Usurbilgo ahozko ondarea jaso eta hedatzeko hitzarmena egin dute Noaua! Kultur elkarteak eta Usurbilgo Udalak: horren emaitza da “Attu!” proiektua, eta Euskararen Egunaren harira aurkeztu dute. Arantzazu Aranburu herrikideak egindako bilketa lana dago proiektuaren oinarrian: herrian euskaraz eta bereziki adinekoen artean esan ohi diren hitzak eta esamoldeak jaso eta Noaua!-ri helarazi zizkion; horiek gazteei ezagutarazteko proiektua da, hain zuzen ere, “Attu!”.
Aranburuk diosalak, aginduak edo jolasean erabili izan diren adierazpenak batu zituen koaderno batean, eta Noaua!-ri helarazi. Hizketan ahoskatzen diren moduan jasota daude, “Attu!” bera horren erakusgarri. Batzuk erabiltzen dira oraindik, baina beste zenbait atzean geratzen hasiak ote diren konturatuta landu du proiektua kultur elkarteak: “Berehala ondorioztatu genuen ondare hori jaso beharra genuela: zubi-lana egitea ere badagokigula, belaunaldi berrietara iritsi dadin”.
Transmisioa ziurtatzeko ikus-entzunezko lengoaia baliatzeko beharra sumatu zuten, ahozkotasunaren indarra egokiago jasotzeko aukera ematen duelako. Gainera, gazteek gustuko duten moldea da ikus-entzunezkoena. “Pantailen garaian bizi gara, eta unibertso horretan euskarazko erreferentziak falta dira: influencer, youtuber eta antzeko figuren artean gutxi dira euskaraz ari direnak”. Hala, umorea baliatuta, gazteentzat erakargarriak izan daitezkeen zortzi ikus-entzunezko labur ekoitzi dituzte.
Hain zuzen ere, herriko gazteei aurkeztuko dizkiete ikus-entzunezkoak, primizian: DBH3 eta DBH4ko ikasleentzako emanaldia egingo dute, Euskararen Egunean, Sutegin. Noaua! -ko eta udaleko ordezkariez gain, Aranburuk berak ere parte hartuko du aurkezpenean. Horren ostean zabalduko dituzte bideoak, sare sozialetan, bina pieza astero, guztiak osatu arte.
Herriko hainbat lagunek parte hartu dute ikus-entzunezkoen ekoizpenean: Ugaitz Agirre idazleak osatu ditu gidoiak; Malen Arregi, Malen Azpiazu eta Ugaitz Agirre aritu dira aktore lanetan; Ixabel Agirresarobe izan da zuzendari artistikoa eta Luis Jambrina aritu da errealizadore lanetan.
Aranburuk bildutako materiala katalogatzea izan zen elkarteak egin zuen lehenengo lana, esamolde eta hitz bakoitzaren testuingurua argitzeko helburuarekin. “Hitzen zein esamolde batzuen inguruko azalpenak grabatu dizkiogu, espresio bakoitzaren testuingurua hobeto uler dadin. Eta hori jasoa gera dadin, bideo-grabazio bidez erregistratu ditugu Arantzazuren azalpenak”.
Euskararen sustatzaile
Noaua! Kultur Elkartea 1996an sortu zen, Usurbilen: bere egiteko nagusia euskara eta euskal kultura sustatzea izan da ordutik, eta hainbat eratara bete izan du lan hori. Nabarmenenak Noaua! aldizkaria eta webgunea dira; aldizkaria astero banatzen dute etxe eta baserri guztietara. Horrekin batera, hainbat ekimen gauzatzen ditu: gaztetxoentzako aisialdi zerbitzuen kudeaketa (Zirimara, Udajolas), kultur ekitaldien antolaketa (San Tomas azoka, Inauteriak, Kultura Hamabostaldia...), liburu argitalpenak (Herriak badaki, Zubieta, mila urteko herria, Usurbilgo baserriak eta baserritarrak, Usurbilgo ondarea ezagutzen) eta bestelako argitalpenak.
Udalak proiektua babestu du, Usurbil euskal kulturaren hauspo izan dadin baita bere helburuetako bat. 2023-2027 Legealdiko Planean ere jasoa du ahozkotasunari eta transmisioari lotutako neurri bat: “Usurbilgo euskararen corpusa elikatu, ahozko testigantzak jaso eta bertako esamolde, esapide eta abarren datu-basea osatu”. Konpromiso hori betetzeko tresna da, zentzu horretan, “Attu!” proiektua. Elkartearekin hitzarmena sinatuta, 14.000 euroko diru-ekarpena egin du udalak.
