Eduki publikatzailea

Atzealdea Usurbilek zilarra lortu du 50.000 biztanlez azpiko udalerrien kategorian, Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen sariketan

Bultzatutako proiektuetan ikuspegi inklusiboa izatea eta parekidetasunean, harrera prozesuetan eta zaintzaren alorrean egindako lana goraipatu ditu epaimahaiak. Udal-gobernuaren ordezkaritza batek jaso du saria, Bruselan.

2025·05·05


Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako hiriburuen sariketan, Usurbilek zilarra lortu du 50.000 biztanlez azpiko udalerrien kategorian: bultzatutako proiektuetan ikuspegi inklusiboa izatea eta parekidetasunean, harrera prozesuetan eta zaintzaren alorrean egindako lana goraipatu ditu epaimahaiak. Apirilaren 29an izan zen sariketa, Bruselan, eta udal-gobernuaren ordezkaritza bat han izan zen, saria jasotzen. Kategoria berean, Finlandiako Mariehamn herriak eskuratu zuen urrea, eta Italiako Settimo Torinesek, brontzea.

Usurbil etxebizitza inklusiboen kategorian ere hautagai bazen ere, ez du saria eskuratu. Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzak zein bizi osorako etxebizitzen proiektua goraipatu bazituzten ere, sariketan, batik bat, etxegabeei begirako proiektuak saritu zituzten: brontzea Zaragozari (Espainia), zilarra Gualdo Tadinori (Italia) eta urrea Bragari (Portugal).

Usurbilekin batera, Bilbok ere zilarra lortu zuen, 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien kategorian, Bilboko Balioen Agiria proiektua goraipatu zuen epaimahaiak, baita bere proiektuetan ikuspegi intersekzionala lantzeagatik ere, enpleguari, hezkuntzari, garraioei, segurtasunari, gazteriari eta kirolei lotutako ekimenetan.

Sariketaren helburua aniztasuna (sexuari, adinari, desgaitasunari, LGBTIQ identitateari, erlijioari edo sinesmenei eta arraza- edo etnia-jatorriari dagokienez) aberastasun- eta berrikuntza-iturri gisa sustatzen duten proiektu, politika eta ekimen onenak aitortzea da: beste herri eta hirientzat inspirazio izan daitezke, euren esanetan, diskriminaziorik gabeko jendarteak sortzeko. Sariketarekin, gainera, Europako Batasunak ongietorria egin dio Aniztasunaren Hilabeteari.